euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Musika, dantza, omenaldi eta sariak Ayacuchoko Euskal Odola EEak antolatutako azken ekintzetan

2011/08/10

Tandil, Maipu eta Ayacuchoko dantzariek pieza batzuk egin zituzten Ayacuchoko Sanferminetan
Tandil, Maipu eta Ayacuchoko dantzariek pieza batzuk egin zituzten Ayacuchoko Sanferminetan

PUBLIZITATEA

Urteko lehenengo seihilekoan egindako ekitaldien berri jakinarazi digute Euskal Odola euskal etxeko kideek eta esan beharra dago ez direla gutxi. Martxotik hona, Fermina Mariezcurrena lehendakari duen elkarteak proposamen anitzetan hartu du parte, bai Ayacuchon bai inguruko beste herri batzuetan ere. Txahal festa, Argentinako Iraultza eta Independentziaren Eguna, eta Sanferminak izan dira Euskal Odola-ko lagunek ospatu dituzten jaietako batzuk. Ospatzeaz gain, egoitza propioa izateko bidetik ere irmo aurreratu nahi dute Buenos Aires probintziako herri honetako euskaldunek.

Ayacucho, Argentina. Euskal Odola Euskal Etxeak bere komunitatearekiko daukan engaiamendua ez da batere txikia. Hori dela eta presente egon ohi da beti herriko festetan. Honen oso adibide ona da apirilean, 39. Txahal Festaren baitan egindako topaketa.

Ayacuchoko ekintzak 2011 01

[39. Txahal Festaren baitan egindako topaketan Fermina Mariezcurrenak (eskuinean) parte hartu zuen abeslari batekin (argazkia EE)]

Maiatzaren Iraultza ere ospatu zen Ayacucho kaleetan eta hor ikurrinaren koloreak ikusi ahal izan ziren euskal etxeko gazteen jantzi eta dantzetan. Egun batzuk geroago, argentinarrentzat hain garrantzitsua den beste data bat gogoratu zuten Ayacuchoko euskaldunek, oraingoan etxetik 80 bat kilometrora dagoen Rauch hirian. 

Ayacuchoko ekintzak 2011 02

[Euskal etxearen izenean, Euskal Odola-ko lehendakariak opari bat jaso zuen, Silvia Rauch-eko euskal etxeko lehendakariaren eskutik (argazkia EE)]

Bi jai nazional hauen artean, ekainaren 22an herriaren 145. urtemugako kabalkadan hartu zuten parte Euskal Odola-ko lagunek. Herrian dauden beste kolektibitateen ordezkariekin batera, Ayacuchoko euskaldunek Euskal Herriko bandera erakutsi zuten egun osoko jaian.

Ayacuchoko ekintzak 2011 03

[Hiriaren 145. urtemugako kabalkada (argazkia EE)]

Omenaldia, meza eta sariak Sanferminetan

San Frantzisko Xabierrekin batera Nafarroako patroia den San Ferminen omenezko jaia uztailaren 17an burutu zuten Euskal Odola-ko kideek. Goizean goiz, etxeko bi biziarteko bazkidek omenaldi berezia jaso zuten. Euskal Etxeko dantzariek “El alegre despertar” agurra egin zieten Margarita Arenaza de Elordi eta Margarita Horquin de Erviti-ri, eta “Fandangoa” dantzatu ondoren, San Fermin-en omenezko meza eskaini zen herriko elizan. Zeremonia bukatuta, Tandilgo Gure Etxea-ko Gure Abestiak abesbatzak euskarazko kantu batzuk oparitu zizkion bildutako publikoari. Ikuskizunarekin jarraitzeko, Tandil, Maipu eta Ayacucho bertako dantzariek “Zazpi Jauzi” eta “Fandango” interpretatu zituzten elizaren aurrean.

Ayacuchoko ekintzak 2011 04

[San Fermin-en omenezko elizkizuna bukatuta, Tandilgo Gure Abestiak abesbatzak euskal kantu bat eskaini zion publikoari (argazkia EE)]

Eguerdian, bazkari batekin gonbidatu zituzten anfitrioiek bisitariak. Leones Klubean egindako elkarretaratzean Gure Etxea, Anaitasuna eta Euskal Odola euskal etxeetako gazteek berriro bereganatu zuten agertokia dantza batzuk egiteko. Gauza bera egin zuten Tandilgo abeslariek, eta haiekin gonbidatu guztiek – tartean Rauch eta Cañuelaseko ordezkariek ere -- abestu zuten euskaraz nahiz gaztelaniaz.  

San Fermin eguneko jaiaren testuinguruan bi sari banatu ziren. Alde batetik, Milagros Quinteros-ek irabazi zuen “Zer dakit nik euskaldunei buruz” izeneko lehiaketaren 5. edizioaren saria; bestetik, etxe propioa izateko dirua biltzeko Euskal Odola-k antolatu zuen zozketa Angelica Irazustak irabazi zuen 503 zenbakiarekin.

Mus eta Ipuin ordua

Arrakastatsua izan da oso Ayacuchoko euskal etxeak antolatutako “Santos Miguel Diez de Ulzurrun” delako Mus Txapelketa. Izan ere, 20 bikotek hartu zuten parte joan den uztailaren 24an. Azken partidan, Rivarola-Rivarola bikoteak Moisas eta Gallegos lagunek osatutakoari irabazi zion.

Euskal Odola-ren berriekin amaitzeko, euskal erakundeko arduradunek adierazi diote EuskalKultura.com-i umeei zuzendutako “Ipuin Ordua” ekintzak jarraitzen duela etekinak ematen Ayacuchon. Gaur bertan hamaika txiki bilduko dira euskal etxean ipuin bat entzuteko eta ipuinarekin lotura duten hainbat jolas egiteko. Ondoren, askaria emango zaie neska-mutikoei.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia