Chacabuco, Argentina. Mus Txapelketa antolatu zuen iraileko azkeneko larunbatean ‘Guillermo Larregui’ Euskal Etxeak Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko. Deialdia eskualde osoan zabaldu zen eta Cañuelas, Buenos Aires, La Plata, Mar del Plata, Rosario, Maipú, Saladillo, Junin, Ayacucho eta Chacabuco bertako 40 bikotek hartu zuten parte. Txapeldunak Cañuelasko Euskal Etxearen izenean jokatu zuten Villar herriko Cesar Aguerre eta Basilio Segovia izan ziren. Bigarren postuan Miguel Mendiola (Maipú) eta Ricardo Santini (Chacabuco) eta, hirugarrenean, Adrián Irastorza eta Javier Urruspil (Maipú).
Lehiaketa hasi aurretik eta despedida bazkarian ere, Lucia Igarzabal Euskal Etxeko lehendakaria muslariekin bildu zen eta bisita eskertzeaz gain, aurrez aurreko ekintzen garrantzia azpimarratu zuen.
Zorionak ere eman zizkien lehendakariak Txapelketako parte-hartzaileei, baita Euskal Etxetil laguntzaile ibilitakoei ere, euren lana eskertuz: “lan handia egin duzue topaketa primeran atera zedin”, azpimarratu zuen.
Txapelketa Nazionala eta Nazioartekoa 2022an
Datozen ekitaldiei begira, eta osasun baldintzak aldatzen ez badira, Argentinako datorren Txapelketa Nazionala 2022ko abuztuan egingo da, Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxean. Lucia Igarzabalek EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “bertan egin behar zen aurten ere, baina pandemiagatik egin ez zenez, Ayacuchoko Euskal Etxeko lagunek berriz ere eskaini dute euren egoitza datorren urterako”.
“2022ko Nazioarteko Txapelketarekin antzeko zerbait gertatu da. Estatu Batuetan behar zuen izan aurten, urrian, baina osasun egoerak bertan behera uztera behartu zuen. Pentsatzekoa da, beraz, datorren urtera pasatuko dela eta 2022an Estatu Batuak izango direla egoitza, azken informazio honen baieztapena oraindik iritsi ez bazaigu ere ”, jakinarazi digu Guillermo Larreguiko lehendakariak (honi buruz, irakur azken ordua hemen).