euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mus jarduera handiko 2025a hasi dute Argentinan, tokiko eta eskualdeko txapelketekin, Nazionala Buenos Airesen eta Mundiala Macachinen

2025/02/27

Mariano Iribarne eta Edgardo Ratto, Juningo Arbola Bat-eko kideak, 2024ko munduko txapeldun, Peruko Cuscon jokatutako Txapelketan
Mariano Iribarne eta Edgardo Ratto, Juningo Arbola Bat-eko kideak, 2024ko munduko txapeldun, Peruko Cuscon jokatutako Txapelketan

PUBLIZITATEA

Maipú, Argentina. Abian da Argentinan mus denboraldia. Euskal etxe batzuetan, Saladilloko Itxaropen-en esaterako, hasia dute dagoeneko barne norgehiagoka Txapelketa Nazionalari begira. Nazionala, izan ere, Buenos Airesko Laurak Bat-en egingo da aurten, ekainaren 20, 21 eta 22an. Eta bigarren seihilekoan, mundu osoko ordezkaritzak Macachinera biltzea espero da, bertako Euzko Alkartasun-era, Munduko Txapelketan lehiatzeko. Hitzorduak ugariak, beraz, Euskal Herriko karta-joko tradizionalak protagonismo handiko hartuz beste urte batez euskal etxeetan. Datorren asteburuan, Maipuko Euskal Etxean, Eskualdeko Txapelketaren bigarren edizioari ekingo diote, urteko goiztiarretako bat.

Bigarren Eskualde Txapelketa

Iazko martxoan 35 muslari bikote elkartu ziren Maipú-ko Anaitasuna Euskal Etxeak antolatutako eskualde mailako lehenengo Txapelketan parte hartzeko. Topaketa zeharo arrakastatsua izan zen eta aurten errepikatzeko gogoa piztu zien Maipuko lagunei: larunbat honetan, martxoaren 1ean, egingo da Eskualdeko Txapelketaren bigarren edizioa Ramos Mejía kaleko 231ean duten egoitzan. Bertan izango dira Ayacucho, Cañuelas, Chacabuco, Chascomus, Pergamino, Saladillo eta Tandilgo euskal etxeetako ordezkariak, Maipuko 17 bikote ere partaide. Guztira, 36 bikote arituko dira lehiakide.

Goizean goiz, gosari batekin egingo zaie harrera jokalariei, eta 9:30ean partidak hasiko. Partidak bazkalorduan etengo dira, muslari anfitrioiek eurek prestatutako errekia eta entsaladak partekatzeko. 14:30ean ekingo zaio berriro jokoari, eta aurreikusten da txapelketa 20ak aldera amaitzea. "Dena antolatuta daukagu, taldeak lan egiteko prest. Horretaz gain, ikasteko gogoa duten gazte batzuk ere gonbidatu ditugu eta, beraz, ziur aski tailer bat antolatuko dugu haiek ere ari daitezen”, diosku Anaitasunako lehendakari Alicia Ithurrat-ek. Martxoaren 22an, larunbata, Tandilgo Gure Etxeak ere Eskualde Topaketa batera deituko du, EEaren barne sailkatze txapelketari begirako berotze ariketa gisa.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia