euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mus, euskara, liburutegiaren berrantolatzea eta eraikuntza-lanak Macachingo 'Euzko Alkartasuna' EEan

2011/06/14

Macachinen egindako Mus Txapelketa (argazkia EE)
Macachinen egindako Mus Txapelketa (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Garai berriak bizitzen ari dira Macachingo euskaldunak joan den uztailetik. Izan ere, duela urtebete euskal etxearen egoitza den hotelaren kudeaketa berreskuratu ondoren, zuzendari batzorde berria osatu zuten eta euskal etxea berpizteko helburuarekin buru belarri hasi ziren lanean La Pampa probintzian dagoen herri honetako lagunak. Gogor ekin zioten joan den uztailean paregabeko erronka zirudienari eta gogor jarraitzen dute gaur egun, proiektuak betetzen. Mus txapelketa, euskara klaseak eta egoitzaren birziklatzea dira 'Euzko Alkartasuna'ko kideek aurrera daramatzaten proiektuetako batzuk.

Machachin, Argentina. Maiatzaren 20 eta 27an eta ekainaren 6an Macachingo Mus Txapelketa burutu zen 'Euzko Alkartasuna' euskal etxean. Bederatzi bikote aurkeztu ziren baina bik soilik ordezkatuko dute euskal etxea Necochean egingo den Argentinako Mus Txapelketa Nazionalean. Juan Jose Costa eta Martin Edgardo Mujica, eta Gustavo Eduardo Perez eta Horacio Juan Carrascal izango dira aurten 'Euzko Alkartasuna'-ren izenean aritzeko arduradunak.

Euskal etxean garatzen ari diren beste ekintzei dagokienez, Marigen Mujica irakaslearen eskutik, euskara klaseak ematen ari dira Macachinen. Eskolak, ostegunetan, arratsaldeko 7etatik 9ak arte dira, oinarrizko mailatik hasiak.

Eta jaiak egiteko aukera ere izaten dute Macachingo euskaldunek. Erakundeko hipodromoan lasterketak eta “domak” egin ziren maiatzaren 31an eta ekainaren 5ean. Bietan lagun mordo polita bildu zen.

Mus txapelketa Macachinen 2011 01

[Necocheako Mus Txapelketan Macachingo ordezkari aurkeztuko diren bikoteak (argazkia EE)]

Euskal etxearen egoitza eta hotela

Bitartean, euskal etxearen egoitza den hotelean berritzeko-lanak egiten ari dira. “Erritmo ona daramagu batetik, probintziatik diru-laguntza jasotzen dugulako eta beste alde batetik probintziako kreditu bat daukagulako”, azaldu diote euskal etxeko arduradunek EuskalKultura.com-i. “Uztailean lanen zati bat bukatuko dugu eta irailerako dena prest egotea espero dugu”, adierazi dute.

Lan handia ere ari dira egiten 'Euzko Alkartasuna'-ko lagunak euskal etxeko liburutegian. Dagoen materiala berrantolatzeaz gain, abizenen esanahiak bilatzeko sistema berri bat jarriko dute, hotelera heltzen diren bisitariei zerbitzu hori eskaini ahal izateko.

Etorkizunari begira, 'Gure Ametza' dantza taldeko kideak diren Analia Mujica eta Daniela Aralcia Puerto Madrynera bidaiatuko dira jaio berria den bertako euskal etxean dantza berri batzuk irakastera. “Horrela, nahiz eta urrun egon, laguntza txiki bat eman ahal diogu gurekin beti hain ondo portatu den Maria Julia Ercorecari”, azaldu digute 'Euzko Alkartasuna'-koek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia