euskal diaspora eta kultura
2012/03/21
PUBLIZITATEA
Murtz¡a, Espainia. Murtziako Euskal Etxeak iragan martxoaren 11an egin zuen Urteroko Bazkide Bilkura, elkarteko presidente Unai Sanchez Doralek EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez. "Euskal etxe txikia, gaztea eta apala gara, baina gogo eta ilusio handikoa", zehaztu du. Elkarteak ehun bazkide baino gehiago dauzka, adin desberdinetakoak: "Murtziara ikasketak egitera etorri diren gazteetatik hasi eta bertan lanean gelditu diren profesionaletara", dio. "Asko hemen maitemindu eta berton gelditu dira. Eta baditugu ere Euskal Herria biziki maite duten murtziar bazkideak", gehitu du presidenteak.
Iragan martxoaren 11ean elkarteak Urteroko Bilkura Orokorra egin zuen eta Zuzendaritzak, besteak beste, aurten egingo diren ekimenen berri eman zuen. Ohiko ekitaldiez gain elkartea beste jarduera batzuk ari da prestatzen, hauen artean emakumeari buruzko hitzaldi bat, musika eta poesia irakurraldia, liburu aurkezpen bat eta sukaldaritza ikastaro bat. Datak hurbiltzen joan ahala emango du EuskalKultura.com-ek horien berri zehatzagoa. Bileraren ostean bazkideek sagardotegi estiloko bazkaria egin zuten, honako menuaz: bakailao-tortila, bakailaoa tipula eta piparrekin, txuleta, eta gazta intxaurrekin eta irasagarrarekin.
[Urteko Bazkide Bilkura Orokorraren ostean bazkaria egin zen (argazkia MurtziaEE)]
[Murtziako Euskal Etxearen jangela dotorea, inguruetako euskaldunen bilgune (argazkia MurtziaEE)]
Hamar urte
Elkartea orain dela hamar urte sortu zen, Murtzian bizi zen euskaldun talde bati esker. "Zenbait bilera egin ondoren, erronkari aurre egitea erabaki zuten eta gaur egun gure egoitza den lokala aurkitu eta egokitu zuten. Egun bazkari asko egiten ditugu bertan, jangela eta sukalde bikainak ditugulako eta aukera ematen digulako lagun askorentzako bazkariak prestatzeko. Elkarteko bazkariak zein bazkideen lagunartekoak egiten dira bertan, eta futbol partidak ikusteko, euskara klaseak emateko eta musean jokatzeko ere erabiltzen dugu", azaldu du Sanchez Doralek.
Elkarteak harreman estua du futbol munduarekin eta euskal etxean arlo honetako pertsonaia ezagun asko izan dira bazkaltzen, esaterako Unai Emery eta Javier Clemente entrenatzaileak, Real Union talde irundarra, Iñaki Alonso (Real Murcia taldeko entrenatzaile euskalduna)...
Egunetik egunera hazi
Hamar urte hauetan elkarteak egin dituen jardueren artean Sanchez Doralek duela lau urte Murtziako kultur astean izan zuten parte hartzea azpimarratu du: "Euskal Herritik produktu tipikoak ekarri genituen: bakailaoa, sagardoa, patxarana, txakolina, Idiazabal gazta... Euskal artesania erakusketa egin genuen eta turistentzako informazioa banatu genuen. Baina arrakastatsuena, zalantzarik gabe, herri kirolak eta trikitixa izan ziren. Murtzia osoa aho bete hortz gelditu zen harrijasotzaileekin eta aizkolariekin", azaldu du.
"Gure asmoa Euskal Herria hemengo inguru hauetan ezagutarazten jarraitzea da eta gure familia txikia egunetik egunera ezagunago bilakatzea", esan du Murtziako Euskal Etxeko presidenteak.
-Informazio gehiago Murtziako Euskal Etxearen Facebook profilean, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus