Zornotza, Bizkaia. Joan den astean FEVA eta Etxepare Institutua antolatzaile 'Euskara Munduan' programa barnean Geho Ameriketan online egiten ari diren barnetegiaren berri ekarri genuen. "Neguko barnetegia" deitzen diote, han negu petoa baita. Gaurkoan, Euskadin Aurten Bai Fundazioak gehienbat munduan Etxeparek hainbat unibertsitatetan babesten dituen ikasleak partaide antolatzen duen barnetegiaz mintzatuko gara, hau udakoa, baina bestea bezala, onlina garatzen ari dena, joan den astean hasita.
Japonia, Argentina, Finlandia, Polonia edota Ameriketako Estatu Batuak bezalako herrialdeetako ikasleak dira hemen ikasle. Egitarauak egunean hiru ordu hartzen ditu (lekuaren arabera ordutegia aldatzen da, denak batera konektatu ahal izateko) eta denbora horretan euskara eskolak, solasaldiak eta bideo-ikustaldiak egiten dituzte. Ikasleak bi taldetan banatuta, A1 eta A2 mailakoak bereiziz. Joan den asteburuan atsedena egin zuten, aste berriari atsedena hartuta ekiteko.
Online barnetegi honetan ikasle diren partaide gehiago
Tokioko TUFS Unibertsitatetik Anna Saito ikasleak dioenez, “nire unibertsitateko eskola guztiak ere online egiten direnez, ohituta nago”, nahiz eta “batzuetan konexio faltak irudi eta bideoak ikustea zailtzen” duen. La Platako Unibertsitate Nazionaletik, zer dio Patricio Zabalak: “Ez naiz inoiz aurrez-aurreko barnetegi batean izan, baina suposatzen dut alde handia dagoela bataren eta bestearen artean; aurrez-aurrekoan hainbat gauza eraikitzen dira plataforma digital baten bidez sortu ezin direnak”. Egoerari, ordea, alde ona ikusten dio Saitok: “Online plataformari esker, munduko edozein lekutatik har dezakegu parte eskoletan. Hori gustuko dut”.
Hala eta guztiz ere, ekimen hau euskara maila hobetzeko oso lagungarri zaiela uste dute biek. Hiztegian, gramatikan, irakurmenean edota idazmenean asko ikasten ari dela dio Zabalak; baina, dudarik gabe, entzumena eta interakzioa dute biek gustukoen. “Bideoetan pertsonaiek azkar hitz egiten dute eta batzuetan zaila da ulertzea, baina aldi berean bideoak barregarriak dira eta niretzat entzumen praktika ona da”, dio Saitok. Zabalarentzat, ostera, irakaslearen hitzaldiak dira entzumena hobetzeko abagune: “Bere diskurtsoetan, egitura eta adierazpen aberats ugari eskaintzen ditu”, adierazi du.