euskal diaspora eta kultura
2012/10/15
PUBLIZITATEA
Vancouver, Kanada. 2012eko irailaren 21etik 29ra bitartean egin zen, Vancouver-eko Zazpiak Bat Euskal Etxea antolatzaile, bertatik atera eta Alaskako bidea egin zuen kruzero batean, Euskal Gizataldeen arteko Munduko XXXV. Mus Txapelketa. Norgehiagokaren azken ekitaldi legez, 28an, herrialdeetako ordezkariak eta Txapelketako Batzorde Antolatzaileko lehendakaria buru, bilera egin zen, Txileko ordezkari Juan Carlos Lago idazkari.
Bertan aipatutakoa laburbilduz, datozen urteotara mundu-txapelketen egutegia honela geratu zen: 2013ko txapeleta, Txilen; 2014koa, Mexikon; 2015ekoa, Uruguain; 2016koa Donostian, Euskal Herrian; eta 2017an Las Vegasen, Estatu Batuetan.
Txileko Juan Carlos Lagos esan zuen datorren urteko Txilekoa hiriburua ez den hiri batean izan dadin ari direla aztertzen eta arrazoi ekonomikoak direla-eta, parte hartu behar duten ordezkaritzek Maiatzaren 31a baino lehen behar dutela aurreratu partaidetzaren %50a, eta gainerakoa nahi bezala, orduan ere edo Txilera heltzen diren egunean. Laguntzaileen aldetik, ekainaren 30a baino lehen egin beharko dute gauza bera. Ordezkaritza bakoitzaren kuota aurtengoa mantetzen da, 1.200 dolar, bi muslari eta ordezkari bat barne. Xehetasunak, lekua, data eta prezioak 2012ko abenduaren 31aren aurretik jakinaraziko direla agindu zuen Txileko ordezkariak.
Segidako urteei dagokienez, Mexikoko ordezkari Juanjo Arrietak Agustin Palacios aurkeztu zien bertaratutakoei eta honek adierazi zuen 2014ko Txapelketa Cancun hiriko hotel batean izan daitekeela. Uruguaiko ordezkari Julio Garcia Denisek 2015eko Txapelketa Uruguaik antolatzeko ardura hartu zuen. Eta Euskadiko Jose Luis Garcia Loza donostiarrak, 2016koa Donostian egitekoa, urte hori arras berezia izango baita hiriburu gipuzkoarrean, Europa mailako Kulturaren Hiriburu izango baita, eta bertako ekitaldietako parte sartu nahi baita Mus Txapelketa. AEBetako ordezkari Pierre Etcharrenek, bere aldetik, urte horretarako, Donostiak utziko balu edo bestela 2017rako, Nevadako Las Vegasentzat eskatu zuen egoitza, bildutakoek proposamenak hala onesturik.
Herrialdeka, bilerako partaide izan ziren: Argentina, Iñaki Aramayo; Australia, Pedro Altuna; Kanada, Mike Etchart; Txile, Juan Carlos Lago; Estatu Batuak, Pierre Etcharren; Espainia, Norberto Rodriguez; Euskadi, Jose Luis Garcia Loza; Frantzia, Martin Etchebarne; Mexiko, Juan Jose Arrieta, Uruguai, Julio Garcia Denis; eta Venezuela, Jon Zubiri. Entzule gisa, bestalde, Uruguaiko Maria Elena Diaz; Kanadako Tomas Ugarteburu eta Frank Etchart; Frantziako Beñat Apesteguy; Estatu Batuetako Jean-Baptiste Bidegaray; Venezuelako Mariano Larrañaga; eta Txileko Juan Mendiburu.
-Munduko musaren webgunea: www.globalmus.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus