euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Munduko Txikerrak' koru kolonbiarreko haurrek euskal kantuekin ongietorria egingo diote gaur Ibarretxeri

2007/10/11

Abesbatzako umeak emanaldi batean
Abesbatzako umeak emanaldi batean

PUBLIZITATEA

Txiletik igaro ostean, Kolonbian da gaur Ibarretxe lehendakaria. Kolonbiako hainbat agintarik eta euskal komunitateko kideek errezibituko dute Ibarretxe, baina izen handiko hainbat lagunen artean gonbidatu --tamainaz-- txiki batzuk ere egongo dira: 'Niños del Mundo' koruko haurrak. Kolonbiarrak dira, batzuk Muiscas indigenen ondorengoak, baina euskaraz abesten dute eta euskaraz egingo diote ongi etorria Ibarretxeri.
Korua 'Munduko haur eta gazteak; bake begirada euren etorkizunerako' programaren barnean dago, Cundinamarcako Unibertsitateko Musika Fakultatearen laguntzaz. Vilma Parrak, Unibertsitateko koordinadora Chia herrian eta euskal etxeko kideak, Euskalkultura.com-i adierazi dionez, ekimena lehendakariaren aurreko bisitarekin sortu zen. 'Ongi etorrirako sorpresa ona izango litzatekeela pentsatu genuen', gehitu du. Korua honoko haurrak dauzka partaide: Ximena, Jenny, Miguel, Alex, Luisa Fernanda, Ángela, Viviana, Maria Tatiana, Tatiana, Patricia, Angie, Luís eta Maria Leidys. Ikasketak 'Institución Educativa la Balsa' eskolan egiten dituzte eta y Chia-n bizi dira, ahalmen ekonomiko urriko familiak bizi diren barruti batean.

[Koruko umeak Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkaritza bat, Tontxu Campos buru, duela hilabete batzuk egindako bisitako irudian (argazkia Kolonbiako Euskal Etxea)]

Haurrek Nicolás Guerrico euskal etxeko presidentearen laguntza izan dute une oro, eta Genaro de Ganboa euskaldunak ahoskera doitzen izan da eurekin. Hasieran 35 ume aurkeztu ziren koruan parte hartzeko baina aukeraketa baten ondoren egungo haurrekin osatu zen taldea. Hilabetean gutxienez bi bider entsaiatzen dute, ostiral egun batzuetan, zenbaitetan baita ere larunbatetan.

[Abesbatzako haurrak Hezkuntza saileko ordezkaritza bertan izan zenean eginiko ekitaldi batean (argazkia Kolonbiako Euskal Etxea)]

Koruak euskaraz abesten dituen hiru abestien aurkezpena egingo du gaur Euskal Astean, Ibarretxeri egingo zaion ongi etorrian hain zuzen ere, eta euskal etxearen egoitzaren inaugurazioan ere hartuko du parte. Ekimen honekin kantari txikiok euskarari hurbiltzen eta euskaldunei buruzko jakingarri batzuk eurenganatu dituzte: Euskal Herria mpan kokatzen ikasi dute, nor den lehendakaria, nola agurtu euskaraz, jateko ohiturak... Kantuaren aitzekian izaten ari dira Euskal Herriko berri.


Lotura interesgarriak

Kolonbiako Euskal Etxearen webgunea
www.euskaletxeacolombia.com

Bogotako Euskal Etxeak Bakearen aldeko eskultura aurkeztuko du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 10ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia