euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Munduko osoko hainbat euskal etxek ere bat egin dute, eta egingo datorren asteburuan, San Ignazio ospatzeko ekitaldiekin

2024/07/31

Viña del Mar-eko eta Valparaisoko Euzko Etxearen 2024ko San Inazio jaia
Viña del Mar-eko eta Valparaisoko Euzko Etxearen 2024ko San Inazio jaia

PUBLIZITATEA

Santiago, Txile. Uztailaren 31an ospatzen da Gipuzkoan (bertako zaindaria da) eta Bizkaian (kozaindaria, Balendin Berriotxoarekin batera) Loiolako santuaren jaia, izan ere egun horretan, 1556an, zendu baitzen Erroman Jesusen Konpainia sortu zuen Loiolako semea. Ospakizuna erabat errotuta dago euskal diasporan; eta astegunetan erortzen diren beste jai batzuen kasuan bezala (aurten hala gertatu da, asteazkena baita uztailaren 31a), ez dira gutxi izan ospakizunak aurreko edo ondoko asteburura pasatu dituzten euskal etxeak. Datorren asteburuan ospatuko duten euskal etxe eta komunitateen artean, Txileko batzuk aipa daitezke:

Euskaltzaindiak egun San Ignazio hobesten badu ere, Txilen, esaterako, Iñaki Deuna deitu izan zaio tradizionalki, eta bertako jai historikoetako bat da Santiago eta Viña-Valparaisoko EEetan

Santiagon, ‘Txileko Euskal Gizataldea' Euskal Etxeak datorren igandean, abuztuaren 4an, ospatuko du San Ignazio, bere egoitza duen Las Condesko Estadio Español-en. Programari hasiera emateko Santiagoko artzapezpiku laguntzaile den Alvaro Chordi monsinoreak eta Estadio Español-eko kapilau Alfredo Calvok meza emango dute, Etxeko Euskal Abesbatza kantari. Eguerdian tragu bat eskainiko dute, ‘Voz Vasca=Euskal ahotsa’ aldizkari digital berria aurkezteko, bertako ‘Euskadiko Lagunak’ taldea dantzari.

Abuztuaren 4an baita ere, Santiagoko Euzko Etxeak Vicuña Mackennako bere egoitzan ospatuko du tradizio handikoa duen Iñaki Deunaren jaia, eguerdiko 12etan meza emanez, banderaduna dantzariak eta Eusko Abesbatza partaide dituela. Ondoren jendea elkarretaratu eta bildutakoek senidetasun bazkaria partekatuko dute, egunari buruzko eta San Ignazio-Iñaki Deunak Txileko euskal komunitatearen historian dituen loturari buruzko hitzak ere tarteko, bazkalostean kantuak ere lagun.


Santiagoko Colectividad Vasca de Chile elkarteko abesbatza, Viña del Mar-Valparaisoko Euzko Etxearen ospakizunean


Trujilloko Euskal Etxeak San Ignazio eta Peruko Independentziaren Eguna ospatzeko egindako elkarretaratzea

Datorren asteburuan baita ere, baina Uruguaiko Montevideon, hiriko Haize Hegoa Euskal Etxeko dantzariek taberna berezi bat antolatu dute igandean, San Ignazio gogoan, eta aterako dituzten etekinak, bertako dantzariak datorren azaroan Bahia Blancara, Argentinako Euskal Aste Nazionalera bidaia daitezen erabiliko dituztela. San Ignaziorekin lotura historiko handia izan duten beste euskal elkarte batzuk Mexikoko Euskal Etxea eta Madrilgo Euskal Etxea izan dira, baita Caracaseko Eusko Etxea ere, azken honen kasuan, joan den igandetik itxita badago ere, prebentzio gisa, herrialdea bizitzen ari den egoera krtikoaren karietara.

Beste euskal etxe eta komunitate batzuk mezak antolatu dituzte gaur San Ignazio ohoratzeko. Eta ospakizunak aurreko asteburura pasatu zituztenen artean, Txilera itzuliz, Viña del Mar-Valparaisoko Euzko Etxea aipa dezakegu, euren ekitaldiak igandean, uztailak 28, eginda; bertako Colectividad Vasca de Chile-koekin meza antolatu zuten, Jaime Herrera apaiza emaile, eta Santiagoko Colectividad Vasca-ko abesbatzak abestuz, eguna dantzaldi batekin amaitu zuten, ehun bat lagun bilduta Viña del Mar-eko Estadio Españolen..

Brasilen, Sao Pauloko Eusko Alkartasunak ere, joan den igandean ospatu zuen, adiskidetasun bazkari batekin, egoitza duen Gernika Kutun-en. Eta Perun, Trujilloko Euskal Etxeak bi ospagai batu zituen ekitaldi bereara San Ignazio eta Peruko Independenziaren Eguna: egunari hasiera emateko meza programatu zuten San Frantzisko elizan eta ondoren, bi ospakizunei lotutako beste hainbeste solas-egite antolatu zituzten. Bazkaria, Wilfredo Lizarzabururen ardurapean prestatua, primerakoa izan zela heldu zaigu, eta bazlostean zinema, jokoak eta musika izan ziren arratsaldepasa ederra egiteko osagaiak.

Australian, Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxeak bazkide eta lagunekin ospatu zuen, bazkaria Casa do Benfican eginez. Urtero bezala, ospakizuna bikoitza izan zen, euskal etxea uztailaren 31ko data esanguratsuan sortu baitzuten. Urtero, San Ignazio eta Euskal Etxearen urteurrena elkarrekin ospatzen dituzte, ez dira kasu bakarra munduko euskal etxeetan. Aurten, gainera, aipatu zuten eta hasiak dira dagoeneko 2026an izango den EEaren 60. urteurrenanola ospatuko duten pentsatzen.

Aurreko artikulu batean hitz egin genuen Argentinako euskal etxeetako Iñaki Deuna-San Ignazio ospakizunez. AEBko Boiseko "San Inazio Festival"eko jaiak ere beste pare bat artikuluko hizpide izan genituen (ez ahaztu urteroko "San Inazio" datorren urtean Jaialdi 2025 bilakatuko dela, uztailaren 29tik abuztuaren 3ra, garaiz zaude planak egin eta zeure hotelak erreserbatzeko). Loiolako santuari eskainitako deialdi gehiago topa ditzakezu gure agendan. Baina, ohi bezala, zure euskal etxe edo komunitateko hitzoirdurik gehitu nahi baduzu, idatzi info@euskalkultura.eus helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia