euskal diaspora eta kultura
2011/11/14
PUBLIZITATEA
Vancouver, Kanada. Zazpiak Bat Euskal Etxea buru belarri dabil Euskal Gizataldeen arteko 35. Munduko Mus Txapelketa antolatzen, eta oraindik urtebete falta bada ere, eman du jada zeresanik. Txapelketa munduko osoko muslarien interesa pizten ari da, izan ere Ipar Amerikako mendebaldeko kostan zehar egingo den astebeteko kruzero batean jokatuko da. Itsasontziak Alaskako Juneau hiritik Vancouver-erako bidea egingo du.
Urtero legez mus hitzordu nagusi honek herrialde bakoitzean sailkapen-txapelketak irabazi dituzten bikoteak bilduko ditu. Eurekin batera aurtengo txapeldunak (Euskadi 1 taldea) eta txapelketa antolatzen duen etxeko ordezkariak ere ariko dira lehian. Bidaian parte hartuko duten muslariak, federazio ordezkariak eta bidaideak Vancouver-en bilduko dira irailaren 21ean eta biharamunean "Saphire Princess" kruzeroan ontziratuko dira.
Alaska eta Glacier Bay parkea
Vancouver-etik kruzeroa Alaskako Juneau hiriraino joango da eta ondoren Alaskako beste zenbait herri bisitatuko ditu: Skagway, urre bilatzaileen bidean; Glacier Bay Parke Nazionala; eta Ketchikan, inguruetako herri indigenen totem gehien biltzen dituen lekua. Egunean zehar, eta ontzia itsasoan den bitartean, mus partidak jokatuko dira. Muslariek eta euren bidaideek kruzeroak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatu ahal izango dituzte (buffe libre, kasinoa, antzerkia, ikuskizunak, zinea eta diskoteka, besteak beste).
[Kruzeroa Ketchikan herrian geldituko da (argazkia KFong)]
Mus Federazioak bere gain hartuko du herrialde bakoitzeko bi muslari eta ordezkari baten bidaia. Hala ere, kruzeroan parte hartu nahi dutenek txapelketarekin bat egin dezakete, hori bai, bakoitzak bere bidaia ordainduta. Prezioa 1.600 eta 2.200 dolar bitartekoa da, gelaren arabera (pertsonako, gela bikoitzean). Erreserbak urtarrilaren 2a baino lehen egin behar dira.
Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi Elena Sommer-i, Zazpiak Bat Euskal Etxeko presidenteari, e-maila bidaliz bcbasque@bcbasque.com helbidera. Bidaiari buruzko informazio gehiago, e-maila bidaliz tomasjeanne@shaw.ca helbidera.
-Vancouver-eko Zazpiak Bat Euskal Etxearen webgunea, hemen
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus