Berlin, Alemania. Gaur duela 84 urte Franco generalaren aliatu ziren Hitlerrek eta Mussolinik bidalitako hegazkinek Gernika bonbardatu eta birrindu zuten, defentsa antiaereorik ez zuen herri honetan merkatu-egunean ziren baserritar eta herritarrak sarraskituz, helburu militarra ez zen populazio zibilaren kontra eginiko mota honetako lehenengo edo lehenengoetako eraso batean (egun batzuk lehenago Durango ere erasotua zuten). Mundu osoan, bereziki euskaldunek, euskal komunitate eta etxeek gomuta ekitaldiak ari dira egiten. Atzo, gaur bereziki, baina aste osoan ere hamaika ekitaldi egingo dira.
Pandemiak kopuru eta tarteak eta partaidetza (aurrez-aurrekoa ala birtuala) baldintzatuta, Euskal Herrian Gernika izango da ekitaldien ardatz, Lehendakaria bera partaide. Baina nazioartean eta Diasporan egingo diren ekitaldien artean, Berlingoa azpimarratu eta ekarriko dugu hona beste guztien ordezkari. Urtero antolatzen du Berlingo 'Gernika' elkarteak, gaur egun hiriko Euskal Etxea denak, bere sortzaile eta kideen artean asko aleman euskaltzaleak direlarik.
Atzo egin zuten gomuta ekitaldia Berlingo Guernica Platz-en, urtero bezala. Osasun neurriak errespetatuz, hogeita hamar bat jende bildu ziren Gernikako sarraskia eta bertan hildakoak gogoan. Poemak irakurri ziren euskaraz eta alemanez, Jone Bolibar-en klarinete eta Mikel Elgezabal-en biolontxelo musika lagun, Maitia nun zira edota Ala baita bezalako aire hunkigarriekin babesean, 'Gernika' Euskal Etxeko Ainhoa Añorga eta Constanze Lindemann gidari.
Atzo Berlingo Guernica Platzen egindako ekitaldia, zuzenean eskainitako bideoa
Bertaratu zirenen artean, KFSReko partaideak, Espainiako Enbaxadako Kultur delegatua, Kataluniako gobernuaren delegazioko kidea, Zehlendorfeko Elizbarrutiko eta Udaleko eta euskal elkarteko kideak.
"Osasun egoera dagoen bezala, ekitaldia egin ahal izaraekin oso pozik gaude", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko lehendakari Ainhoa Añorgak, "bertaratu ziren guztiei esker biziak emanez" parte hartzeagatik.