Donostia-San Sebastian. Gaur urtarrilaren 21a da, jai-eguna Donostian. Joan den gauean Banderaren Jaitsiera egin da eta azkeneko danbor-hotsak entzun dira. 2019ko sansebastianak joan dira... ustez, edo Donostian eta Azpeitian bederen. Urtero bezala, munduan hainbat euskal etxek bat egin baitute festa sansebastiandarrarekin. Euskal etxe horietan, gehienek egunean bertan, urtarrilaren 20an ospatu dute festa eta danborrada, baina batzuetan, arrazoi desberdinak medio, datorren asteburura pasatu dute. Festaren azken ufadak izango dira.
Danborrada azken asteburu honetan ospatu dutenen artean, Mexikoko Euskal Etxekoa behar dugu bereziki nabarmendu --barka diezagutela gainerakoek--, erabat errotutako eta bertako euskal egutegian aspaldidanik txartatutako hitzordua berau. Entsaioekin, danbo nagusiz, danbor eta barrilez... Donostiako elkarteetako batzuk nahiko luketen seriotasunez ekiten diote festari. Ez zaizkie atzean geratzen Madrilgo ospakizunak, Euskal Etxeko hainbat kide eta lagun biltzen dituen Zerain jatetxeko afari eta danborrada eta Jai-Alaikoa tarteko. Ezta Pariseko Euskal Etxeko festa eta danborrada ere, Anaiki abesbatza eta fandarrea partaide, Jean-Marie Guezala buru; edo, urrunago joanez, Shanghaiko Euskal Etxeak urtero antolatzen duena oinez bertako kaleetan zehar.
Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeko danborrada (irudia EE)
Mexiko Hiriko Euskal Etxeko Danborradako irudiak (arg. EE)
Necocheako Euzko Etxeko danborrada hiri argentinar horretako Gizataldeen Azokan (arg. EE)
Joan den asteburuan aurkezpena, baina San Sebastianak aste honetan zehar ospatuko dituzte necocheatarrek (arg. EE)
Ez, ez dugu ahaztu Argentinako Necocheako Euzko Etxeak urtero antolatzen duen danborrada. Aurten ere jo zuen aurreko asteburuan, baina bere gailurra aste honetan zehar erdietsiko du, joan den asteburuan Necocheak bere Gizataldeen Azoka handia egin baitzuen eta euskal etxekoen ahaleginak, bertan ezarritako txozna erraldoian jarrita baitzeuden. Edo Valladolideko Gure Txoko euskal etxekoen afari eta danborrada, edo Bartzelonakoa. Edo Valentziako Laurak Bat-ena, edo beste batzuk, Caracasen edo, iparralderago joanez, Estatu Batuetako Atlantan 'Cooks and Soldiers' jatetxeak --izenetik hasita, omenaldia egiten dio jatetxe honek danborradari, ingelesezko bere izenaren itzulpena, Danborrak eta Soldaduak, baita, danborradako jotzaileak gogoan-- antolatzen duen afari eta elkarretaratzea.
San Sebastian festa datorren asteburu honetan ospatuko dutenen artean, Necocheakoez gain, New Yorkeko Eusko Etxekoak aipatuko ditugu, elkartearen Greenpoint-eko egoitzan afari eta joaldiaz antolatua, larunbatean 19:30etatik aurrera (parte hartu nahi baduzu afari eta danborradan, harremandu Itziar Albisurekin mitzalg@gmail.com helbidean). Edo, Madrilen, danbor-jotzaileen harrobia den bertako Haur Danborrada, datorren igandean 13:15etan Euskal Etxe aurrean. Joaten bazara, seguru gustatuko zaizula/zaiela.
[Diasporako danborraden kronikatxo llabur honetan ez ditugu sartu urtean aurrerago baina doinu eta jazki berberez egiten diren beste danborrada batzuk, hala nola Cañuelas-koa, Aberri Eguneko gazte-bilkurarekin batera urtero antolatzen dena Argentinako Buenos Aires probintzian; edo Argentinatik atera gabe, beste festa batzuetan ateratzen direnak, Buenos Aires-ko Laurak Bat-eko eta hiriburuko beste euskal etxe batzuetako kideekin, bidean gero eta euskal etxe kopuru handiago bateko kideak bildurik gero eta presenteago baitaude danborradak euskal ospakizunetan, esaterako aurten urte azkenean, urri-azaroan Bahia Blanca hirian egingo den Euskal Aste Nazionalaren baitan doaike antolatuko dena, bertako danbor nagusi Rosana Entizne euskaltzale ezaguna buru]
(nonahi zaudela zeure euskal etxeak, edo zeure ingurukoek ere bat egiten badute, idatz eta bidal iezaguzu mesedez informazioa honako helbidera: info@euskalkultura.com. Eskerrik asko aldez aurretik)