La Plata, Argentina. Giroa ederra izan du orain artean La Platako Euskal Argentinar Aste Nazionalak joan den larunbatean eginiko ekitaldietan ofizialki estreinatu zenetik (ikus EuskalKultura.com-en asteleheneko kronika hemen). Gaur ostirala, ordea, asteburuarekin Argentina, Uruguai, Txile, Brasil eta inguruko herrialdeetatik zein Euskal Herritik bertatik iritsiko den jende uholdearekin tenperatura zinez igoko da, egitarau osatu eta ugaria zain daukatela (ikus beherago ostiral, larunbat eta iganderako ekitaldi programa).
"Bozkarioz eta kontent gaude, irrikaz euskal gizataldeko hainbeste partaide eta lagun errezibitzeko. Guztiek La Platako Euzko Etxea euren etxetzat hartzea nahiko genuke, gustura eta partaide senti daitezen gure artean", esan dio EuskalKultura.com-i La Platako euskal erakundeko lehendakari den Javier Clua-k. "Badakigu askorentzat hona etortzea ez dela erraza izan eta ahalegin handia egin behar izan dutela, dirua bilduz, ekitaldiak prestatuz eta dantzarien kasuan hemen eskainiko duten programa ilusioz eta engaimenduz enseatuz. Horri guztiari ohore egin nahi diogu prestatu dugun egitarauarekin, guk ere ilusioa baitugu eurak merezi bezala tratatzeko eta eskerrak eman nahi dizkiegu, hasteko hona etortzeagatik eta, orokorrean, euren ahaleginagatik, urtean zehar gure kultura eta jendearen alde egiten duten lanagatik", adierazi du.
"Hau guztia nazionalitate eta gizatalde gisa daukagun engaiamendu baten ondorio da, gure euskaltasunak batzen gaitu, bakoitzak bizi duen moduan bizi duela ere, eta horri erantzun egokia emateko erantzukizuna daukagu. Erronka horretan gure jakitate eta ahal guztiak ipini ditugu, jakin izan dugun hobekien, guztientzako moduko ekitaldiak prestatzea izan dugu helburu eta, aldez aurretik ongi egindakoak haintzat hartzea eta seguru egingo ditugun hutsak ez hain gogoan edukitzea eskatu nahi diegu gure gonbidatu eta lagunei", segitu du Javier Cluak, Euskal Herrian esaten den bezala "Orain, kantuak eta euskal gogoak esan ohi duenez, Festara!" batekin amaituz.
ASTEBURURAKO EGITARAUA (xehetasunak eta azken-azken aldaketak nahi badituzu, hobe kasu honetan albiste honen gaztelaniazko bertsiora jotzea, azken orduan eta gaztelaniaz soilik eman dizkigute-eta aldaketak eta gaztelaniazko bertsioan copy-paste egin dugu, baina euskarazkoan itzultzen jartzeko astirik gabe. Barkatu eragozpenak, gu geu gara gehien sentitzen dugunak)
Ostirala, azaroaren 7a
-8:00etan, Ordezkaritzen harrera/Gosaria. Lekua: Euskal Etxea.
-11:30etan, Nazioarteko Pilota Txapelketa frontoian, Euskal Pilotaren Nazioarteko Kontseiluak antolaturik. Pilotariak Mexiko, Uruguai, Venezuela, Txile, Euskadi eta Argentinakoak, Emakumezkoen Argentinar Pala modalitatean. Lekua: Pereyra Iraola Parkeko pilotalekua. Camino Centenario.
-13:00etan, Bazkaria. Lekua: Euskal Etxea.
-Modu iraunkorrean: Hegoaldeko euskal istorioak. Euskadiren Argentina eta Mercosurrerako Ordezkaritzak eginiko deialdian parte hartutako lanen erakusketa. Euzko Etxeko jatetxean.
-Ibilbide gidatuak: 15:00etan. "Hiria ezagutzen". Abiapuntua, Zoologikoa (Diagonal derl Bosque) Ibilbidea hirian zehar Zoologikoa, Zientzia Naturalen Museoa, Bost Jakitunen Oroitarriak, Bakearen Lorategia, Mitreren Ooritarria, Behatokia, Planetarioa, Harpe eta lakua, anfiteatroa, etxe ekologikoa
-Aurrekoaren segidan, bigarren ibilbide gidatua: Ardatz fundazionala. 17:00etan gutxi gora behera. Ibilbidea: Katedrala, harri fundazionala, Udal Jauregia, Antzoki Argentinarra, Legegintzaldiaren Jauregia, San Martin Plaza, Dardo Rocha zeharbidea, Gobernu Etxea.
-19etatik 21etara, Abesbatzen Topaketa, Cañuelasko Denak Bat, San Nicolasko Euskal Etxea, Buenos Airesko Euskaltzaleak eta La Platako Euzko Etxea euskal etxeak partaide. Lekua: Udaletxeko Urrezko Aretoa, 12. kalean, 51 eta 53 artean, 1. solairuan.
-20:30etan, Euskal Lanari omenaldia. Topaketa La Plata Handiko Industria Elkartearekin eta La Platako Udalarekin batera antolatuko du euskal etxe anfitrioiak. Enpresa euskal argentinarren edota Euskal Herriarekin loturaren bat duten enpresen lana sarituko da, tartean Goyenechea Upeltegia, Basque Culinary Center, BATSA S.A., Euskal Abereak, AMPO, Hernán Cruchaga-ren BIO-BRANDSEN S.A., eta ORKLY. Lekua: República de los Niños erakusketa-lekua.
-21:30etan, La Plata Handiko Industria Elkarte Argentinarraren urteko afaria. Lekua: República de los Niños.
-22:00etan, Kantu Afaria. Lekua: Euskal Etxea.
-23:00etan, Erromeria. Euskal etxeetako eta Euskal Herriko musikariak zuzenean. Lekua: Toki Alai Euskal Etxeko aretoa.
Larunbata, azaroaren 8a
-8:00etan, Ordezkaritzen harrera/Gosaria. Lekua: euskal etxea.
-9:30etatik 11:30etara, FEVAren bilera eta harrera Cristina Uriarte Toledo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, María Angeles Elorza Zubiria Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Asier Vallejo Itsaso Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria eta Sara Pagola Aizpiri Euskadiko ordezkariari. Lekua: Republica de los Niños.
-11:30etan, Nazioarteko Pilota Txapelketa frontoian, Euskal Pilotaren Nazioarteko Kontseiluak antolaturik. Pilotariak Mexiko, Uruguai, Venezuela, Txile, Euskadi eta Argentinakoak, Emakumezkoen Argentinar Pala modalitatean. Lekua: Pereyra Iraola Parkeko pilotalekua. Camino Centenario.
-11:40etan, Diaspora Proiektuaren aurkezpena, Iparraldeko Eusko Ikaskuntza-ko Maialen Zamponi-ren eskutik. Lekua: Republica de los Niños.
-9etatik 13etara, Euskal Liburutegien 16. Bilera, Carolina Bergaglio eta Guillermo Gubitosi lizentziatuak lagun. Adituek ‘Paperaren zaintzeaz’ eta ‘Liburutegien marketinaz’ hitz egingo dute. Lekua: Euzko Etxea.
-10:00etara, Dantza taldeen zuzendarien bilera. Lekua: Euzko Etxea
-12:30etatik 17etara, Euskara standa. Lekua: Euzko Etxea
-13:00etan, Bazkaria. Lekua: Euzko Etxea
-15:00etan, Independentistak Sareari buruzko hitzaldia, Txutxi Ariznabarreta-ren ardurapean. Lekua: euskal etxeko aretoa.
-17:00etan, Kalejira. Lekua: Morenoa Plazatik Atenas Klubera, 12. Kaletik.
-19etan, Dantza emanaldia. Omenaldiak. Eusko Jaurlaritzak Mikel Ezkerrok eta Isidro Legarretak euskal kulturaren alde egin duten lana sarituko du. Cristina Uriarte Toledo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eskuratuko die saria. La Platako Euzko Etxea euskal etxeak, berriz, saria emango dio EuskalKultura.com-i, buletin honek azken hamar urte beino gehiagotan Euskal Herria eta bere diaspora lotze aldera egindako lanagatik. Lekua: Atenas Kluba.
-22:00etan, Kantu Afaria. Lekua: Euzko Etxea.
-24:00etan, 'Itziarren semeak' taldearen kontzertu eta erromeria. Lekua: euskal etxeko Toki Alai aretoa.
Igandea, azaroaren 9a
-10:30etan, Meza. Lekua: Nuestra Sra. de la Misericordia Kapera, República de los Niños-en.
-11:30etan, Dantzarien Alardea eta plaza dantzak. Lekua: República de los Niños.
-13:00etan, Azken Agur Bazkaria. Euskara eta Antzerki lehiaketen sariak eta Pilota Txapelketen kopak banatuko dira. Omenaldiak. Lekua: República de los Niños-eko karpa.
-17:00etan, Azken Agurra
Helbideak:
-“Islas Malvinas” Kultur-gunea: 19. kalea, 50 eta 51. artean
-“Bernardino Rivadavia” Kultur-aretoa: 7. kaleko 755. Zenbakian (47 eta 48. Artean)
-"República de los Niños" erakusketa-lekua: General Belgrano Bidea eta 500. kalea. Gonnet.
-"Club Atenas": 13. kalean, 58 eta 59. artean.