euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Munduko euskaldun eta euskaltzaleek ere ‘Harro Herri’ leloa aldarrikatu zuten: azken asteburuko irudi txanda berria

2024/03/28

23. Korrika Bogotan
23. Korrika Bogotan

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Martxoaren 14tik 24ra luzatu da aurten Euskal Herrian Korrika eta hamaika egunetan zehar eskutik eskura ibili da lekukoa, joan den igandean Baionara iritsi eta jai erraldoi baten protagonista izateko. AEK-k bi urtean behin antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa honek, hala ere, aspaldian gainditu zituen Euskal Herriko zazpi lurralde europarrak eta Diasporan dauden euskaldun eta euskaltzaleei esker, munduko hainbat txokotan ere tokian tokiko Korrika txikiek hartu zituzten kaleak  Segidan, aurreko artikuluetan bildu gabeko Diasporako Korriketako irudi tanda berria.

Txileko Santiagon joan den larunbatean antolatu zuten Korrika hiriko kaleetan, Eusko Etxea (euskal pilota taldea partaide berezi), Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Oordezkaritza, eta Etxepare Euskal Institutua lankide). Txileko Euskal Gizataldea Euskal Etxeak ere atxikimendu festa bat egin zuen larunbat arratsaldez. Bogotan ere egin zuten euskaltzaleek euren jaia, igandean, Gernika Parkean (ikus bideoa, hemen). Necocheako Euskal Etxeak “patinez, txirringaz, oinez edo korrika” parte hartzera gonbidatu zuen eta oso erantzun ona lortu zuen. Maite Bilbao irakasleak mezua irakurri zuen eta Korrika bukatuta, 'hanburgesada' antolatu zuten (bideoa hemen).

New Yorken ere, artikulu honetara bildu ditugun beste euskal etxe eta komunitateen kasuan bezala, klasiko bat da Korrika eratzea, eta aurten ere ez dute batere hutsegin, euskararen aldeko lasterketa eta aldarria karriketaratuz. Hitzordua, hasierako asteburuan, martxoaren 16an ezarri zuten, ohi bezala antolatzaile zirela New Yorkeko Euzko Etxea eta Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritza (bideoa, hemen). Londrestik ere itorri zaigu joan den larunbatean egindako Korrikaren notizia eta bideo bat. Hotzak ez zituen Korrikalariak kikildu eta Korrika korrituta, pik-nika egin zuten.

Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeak Korrika eta Korrikaren inguruko hainbat ekintza antolatu zituen joan den larunbatean, martxoaren 23an, aspaldi hartutako Korrikarekin modu alai, partehartzaile eta jai girokoan bat egiteko ohiturari fier eta fin eutsiz: pintxo-poteaz, herri jolasez, herri bazkari batez eta kontzertuez difrutatu ahal izan zuten (hona Korrikaren momentua).

Euskal Herritik 17.500 kilometrora ere, Sydneyk ere bete zuen berea eta gauzatu zuen euskararen aldeko lasterketa. 70 bat lagun elkartu ziren hiriko kaleetan zehar Korrika egiteko eta ozen entzunarazi zuten “Sydneyn ere euskararen alde” lelo klasikoa. Ekitaldia joan den larunbatean egin zuten eta lasterketa eta gero, euskaltzale euskal australiarrek egun osoko jai programa batez gozatu ahal izan zuten Gure Txoko Euskal Etxearen egoitzan (festako laburpen bideoa, hemen)


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia