Vitoria-Gasteiz. Jaurlaritzak joan den astearteko Gobernu-Kontseiluan onartu zuen Euskal Etxeetarako 202.000 euroko laguntza-saila, beraz EHAAk laburrean, datozen egunetan argitaratzea espero da. Euskal gizataldeetako pertsonen premia larriko egoerei eta laguntza-beharrei erantzuteko bideratuko da diru hori.
Laguntza hauei Euskadiren sostengu publikoa jasoko dute gizarte-bazterketako egoera larrian dauden pertsonek, dela herrialde batzuetan izandako moneta-oszilazioen eta ekonomia-gabezien egoeragatik, dela adinagatik, dela gabezia-egoerengatik, dela osasun-krisialdiengatik edota bat-batean sortutako istripuen ondoriozko ezgaitasunengatik.
Eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Euskal gizataldeko kidea direla egiaztatzea
b) Atzerrian bizitzea
c) Laguntzako beharrei edo premia larriko egoerei aurre egitea ahalbidetzen duten ondasunik edo diru-sarrerarik ez edukitzea
d) Etxe partikularretan bizitzea, eta araudi edo estatutuengatik laguntza eman behar dieten talde, komunitate edo erakundeetako kide ez izatea
Laguntzak emateko orduan familiako egoera ekonomikoa hartuko da kontuan herrialdeko batez besteko errentarekin lotuta, bai eta osasun-gertakizunaren edo premia handiko egoeraren larritasuna eta eskaera beharretara egokitzea ere.
Eskabideak euskal etxeen bitartez bideratuko dira. Izan ere, euskal etxeek egingo dute eskabidea. Interesatuek hurbilenen daukaten euskal etxera jo beharko dute.
Eskatutakoaren ehuneko 100era iritsi ahal izango dira laguntzak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen oinarrizko errentaren zenbatekoa izango da muga; nolanahi ere, osasun-gertakizunei aurre egiteko laguntzek ez dute muga hori izango.
Dena den, xehetasunak Buletinean argitaratutakoan agertuko dira, eta hortik aurrera egin ahal izango dira eskabideak eta korritzen hasiko dira epeak.
2003an abiarazi zenetik, Eusko Jaurlaritzak urtero deitu du laguntza-programa hau, eta horren bidez laguntza jaso dute 70-100 familiak; gehienbat Argentina, Txile, Uruguai, Venezuela eta Kubakoak izan dira onuradunak, Jaurlaritzatik adierazi duetenez.