euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketak hamabi herrialdetako ordezkariak bilduko ditu Bartzelonan irailean

2008/07/17

Iñaki Abendibar eta Angel Riverok irabazi zuten iazko txapelketa Mar del Platan, Argentinan
Iñaki Abendibar eta Angel Riverok irabazi zuten iazko txapelketa Mar del Platan, Argentinan

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxea izango da aurten Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketaren antolatzaile, irailaren 6tik 14ra bitartean. Hitzorduak Australia, AEB, Kanada, Argentina, Mexiko, Venezuela, Uruguai, Txile, Frantzia, Euskal Herria, Espainia eta kataluniar anfitrioiak bilduko ditu. Txapelketaren egitarauak mus partidak eta kultur jarduerak tartekatuko ditu, izan ere Andres Fernandez antolakuntzako kideak azaldu duenez, 'partehartzaileek Katalunia ezagutzeko beta izan dezaten nahi dugu'.

Bartzelona, Katalunia. Australia, Kanada, Venezuela, Estatu Batuak... munduko bazter askotatik etorritako muslariek bat egingo dute irailaren 6ean Bartzelonan, Munduko Euskal Gizataldeen XXXI Mus Txapelketan parte hartzeko. Bilduko da baita ere iazko (Mar del Plata, Argentina) txapelketa irabazi zuen bikotea: Iñaki Abendibar eta Angel Rivero, Euskadiko ordezkariak. Txapeldunak gogor lehiatuko dira euren titulua defenditzeko, Bartzelonan ariko diren beste bikoteen aurka. 'Bikote indartsua dira, hiru mundu txapelketa irabazi dituzte eta', azaltzen du Andrés Fernández antolatzaileak.

Ekitaldiak hirurogei bat lagun bilduko ditu, herrialde bakoitzeko euskal gizataldeen ordezkari. Nazioarteko krisialdi ekonomikoak eragina izan du txapelketara etorriko den jende kopuruan. Aurreko edizioetan berrehun lagun inguru biltzen ziren muslari, ordezkari eta laguntzaileen artean. Finalera iritsi direnak begiratzerakoan, ordea, 'kontuan izan behar da muslari bikote bakoitzak atzean bere herrialdeko mus txapelketakide guztiak dituela. Herrialde batzuetan ehundaka izan daitezke musean aritu direnak euskal etxez-etxe bikote ordezkaria atera arte', aipatzen du Fernándezek. 

Jarduera egitaraua

Bartzelonako txapelketako antolatzaileek musa eta kultur ekintzak batzen dituen egitarau oparoa prestatu dute irailerako. Txapelketa irailaren 6ean hasiko da ordezkaritzei egingo zaien harrera eta ongi etorri koktelarekin. Igandean txango gidatua egingo da Bartzelonan barrena, bazkaria bertako Euskalzaleak elkartean eta ordezkari bilkura. Astelehenean mus partidak hasiko dira eta laguntzaileek irteera egingo dute CaixaForum kultur zentrora. Eguerdian Bartzelonako Udaletxean harrera eta koktela eskainiko diete parte hartzaileei.

Astean zehar mus partidak eta txangoak tartekatuko dira. Montserrat, Sitges, Gaudiren eraikinak, Codorniu upategiak... izango dira irteeratan ikusiko dituzten lekuetako batzuk. Larunbatean, txapelketa bukatuta, sari banaketari ekingo zaio da Gavá herriko jatetxe batean egingo den afarian. Txapelketak honako erakundeen laguntza bildu du: Corte Inglés, Euskalzaleak, Ajuntament de Barcelona, Enkartur, Taktika Berri, Caixa de Pensions, Caixa Catalunya, Bodegas Torres eta Codorniu, Ibersolar, Kukuxumusu eta Patxaran Zoco.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia