Vitoria-Gasteiz. Hala adierazi zioten Lehendakariari zoom bidez atzo egindako bileran. Lasai agertu zuten, baina Eusko Jaurlaritzari transmititu zioten irudiak, argi zioen munduko Euskal Etxeak ez direla kanpo gelditu nazioartea jasaten ari den COVID-19aren pandemiak eragin duen egoeratik. Puntu positiboa: eman zituzten datuen arabera koronabirusak ez duela euskal gizataldeetan kalte pertsonal aldetik eragin handirik izan, baina aktibitate, jarduera eta eragin ekonomiko aldetik egoera bestelakoa azaldu zuten.
Ongi ebaluatzeko goizegi bada ere, aktibitate presentzial guztiak bertan behera erori direlarik, erabat negatiboa den datu horren aurrean, adierazi zuten asko eta asko izan direla munduan erreakzionatu eta euren jarduna, ahal izan duten heinean, egokitu duten EEak, bilera telematikoak eginez, online elkarretaratzeak, euskara eskolak, hitzaldiak, dantza taldeen entseguak eta beste hamaika saio birtual bilakatuz.
Argi geratu zen herrialdearen eta eskualdearen arabera pandemiagatiko egoera publikoak desberdinak direla, eta bereziki Hegoamerikan --baina baita Estatu Batuetan ere, konparazio, eta bereziki Peru, Brasil, Venezuela, Txile, Argentina beraren kasuak azaldu ziren-- egoerak urrun daudela oraindik bideratzetik, eta atzerakadak oso indarrean dauden fenomenoa direla, gailurra esaten duten horretara heldu ez direlarik herrialdeetako asko.
Euskal etxeak fisikoki itxiak
Pandemiak eten egin du tupustean eta errotik Euskal Etxeen ohiko jarduna (fisikoki ere ixtera behartuz EEak) eta, onenean, abiapuntu bat eman edo jarduna indartzera bultzatu ditu interneten. Aktibitate presentzialik gabe geratzeak dakartzan izaera-kalteei, kalte emozionalak eta kalte ekonomikoak gehitu behar zaizkie. EE askoren sarrera ekonomikoak, urtean zehar antolatzen dituzten festa, bazkari, emanaldi, mus txapelketa eta beste hainbat ekitaldietatik datoz, edo jatetxe bat kudeatu edo kontzesiorik daukatenen kasuan, hortik (eta jatetxean itxita egon dira edo daude oraindik); diru-iturri horiek galdu egin dira aurten, gastu gehienek segitzen duten bitartean.
FEVAko lehendakaria eta aholkubatzordekide den Arantxa Anituak euskal gizataldearen erantzun indartsua azpimarratu zuen, indar eta erakimen kementsu horri balioa emanez, nahiz eta Argentinan, osasun-krisia, krisi ekonomikoaren gainetik datorren. Unai Lauzirika aholkubatzordekideak, Australian ikasten/lanean dauden/zeuden gazte euskalherritarren egoera larria aipatu zuen; Bartzelonako EEak bere egitura apaldu behar izan duela; eta Londresko euskaldunek Brexitaren ezpata gainean izaten segitzen dutela, besteak beste.
Sarrerarik gabe, gastuei aurre egin behar
Estatu Batuetatik, Kate Caminok Kaliforniak itxita segitzen duela esan zuen eta Nevadan, esaterako, kasinoak zabaltzen hasiak direla, baina Unibertsitateak itxita segitzen duela, euskal elkarretaratze guztiak kantzelatuta. Boisetik, Jaialdiko antolatzaileetakoa den Ana Mendiola mintzatu zen, eskerrak emanez eta baitetsiz arduragatik atzeratu dutela datorren urtera Jaialdi. Uruguaitik FIVUko lehendakari Juan Pedro Arinek, 'askatasun arduratsua' aipatu zuen pandemiaren aurrean, azpimarratuz nazio mailan euskal komunitateko buruzagi bat, Asqueta doktorea dela pandemiaren kontrako borrokako arduradun nazionala.
Beste hainbat ordezkari ere mintzatu ziren, tarteak Lima (Alberto Escobal), Paraná (Federico Borrás), Sao Paulo (Oskar Goitia), Mallorca (Nicolás Ibarra), Trelew (Milagros Ibarbia), Buenos Aires Diego Ibarbia, Juan de Garay Fundazioa) eta Caracaseko (Ibane Azpiritxaga) euskal etxeetatik. Arazo teknikoengatik sartu ahal izan ez zutenen artean, Agurtzane Aguado (Montevideoko Euskal Erria), Maria Elena Etcheverry (Eusketxe, Buenos Aires) eta Jean-Marie Guezala (Paris). Hauek, hitza eskatuta; bilerak mundu osoko beste hainbat puntutako euskal etxe eta federazioetako partaideak izan zituen, orotara 75, honako herrialdeetakoak: Alemania, Argentina, AEB, Uruguai, Venezuela, Brasil, Txile, Peru, kanada, Mexiko, Erresuma Batua, Frantzia, Espainia, eta Belgika.
Jaurlaritza: Elkarrekin aztertu eta ekingo diogu
Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Gorka Alvarez Aranburu egon ziren. Lehendakariak, pandemiak Euskadira ekarritakoa eta bere gobernuak emandako erantzuna laburbildu zuen, eta Marian Elorzak euskal etxeetatik egindako galderak erantzun zituen. Azpimarratu zuten elkarrekin lan eginez aterako direla Euskal Etxeak eta Euskal Herriko euskaldunak egoera honetatik, elkarrekin aztertu beharra dagoela egoera eta elkarrekin ikusi aurre egiteko biderik egokiena.
Urkullu lehendakariak esan zuen Euskadiren lehentasuna osasuna izan dela hasiera batean, baina honen ondotik badirela beste krisialdi batzuk, osasun emozionala, batez ere zaharrago direnen artean, eta krisi ekonomikoa, eta bi azken hauei ere gogor ekin behar zaiela. Euskal etxeetako eta munduko euskal gizataldeetako kideei aitortu behar zaiela orain artean emandako erantzuna, berregokitzen jakitea, elkarri ekartasuna agertu eta laguntza ematen jakiteagatik, bai euskal komunitate barnekoei bai inguruko herritarrei.