euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Munduko euskal etxe askok ekitaldi bereziak egingo dituzte igandean Aberri Eguna ospatzeko

2011/04/22

Aberri Eguneko ospakizunak Argentinako Jose C. Paz herriko euskal etxean
Aberri Eguneko ospakizunak Argentinako Jose C. Paz herriko euskal etxean

PUBLIZITATEA

Igande honetan da Aberri Eguna eta asko dira ospakizunak antolatzen ari diren euskal etxeak. Diasporako euskaldunen artean jai oso garrantzitsua da hau, historikoki oihartzun handia izan duena, eta euskal elkarte askotan ekitaldi bereziak antolatzen dira, izan meza xume bat, izan ehundaka lagun biltzen dituen bazkaria. Hitzordu hauetako asko asteburu honetan bertan izango dira, Berpizkunde Igandearekin batera, baina badira ospakizuna astebetez atzeratzen dituzten hainbat euskal etxe ere. Jarraian datorren iganderako iritsi zaizkigun azkeneko deiak bildu ditugu.

Donostia-San Sebastian. Munduko euskal etxeek egingo dituzten Aberri Eguneko ekitaldien berri eman dugu azken asteotan. Aurretik aipatu ditugu esaterako New York, Washington, Rhode Island, Habana, Mexiko, Celaya, Txileko Santiago, Sydney, Cañuelas eta Quebec (artikulu osoa, hemen). Oraingoan gure erredakzioan jaso ditugun datorren iganderako azken deialdien berri ematera gatoz. Hauetxek dira:

Argentinako Necochean Euzko Etxeak igandean ospatuko du Aberri Eguna. Goizeko 11:00etan hasiko dira ekitaldiak, Karmengo Parrokian izango den mezarekin. Ondoren herriko plazan omenaldia egingo diote bertan landatua dagoen Gernikako Arbolari. Omenaldian Euzko Etxeko kideek eta Gazte Alai taldeak parte hartuko dute. Amaitzeko, Euzko Etxean bertan 'txikiteo' bat izango da. Informazio gehiago, Necocheako Euzko Etxearen webgunean

VENEZUELAKO EKITALDIAK

Caracasen, Venezuelan, Eusko Etxeak urteroko hitzordua beteko du eta iganderako egun osoko egitaraua prestatu du Aberri Eguna dela eta. Goizeko 11:00tan meza elizkizuna egingo da areto nagusian, eta ondoren lore eskaintza, Euskadiko eta Venezuelako ereserkiak abestuz eta aurreskua dantzatuz Gudariaren monumentuaren aurrean. Eguerdian pilota partidak egingo dituzte elkartearen frontoian eta 14:30etan bazkaria. Caracasko Eusko Etxearen webgunea.

Antzeko programa prestatu dute Venezuelako beste euskal elkarte batean, Caraboboko Eusko Etxean. Caraboboko euskaldunak elkartearen egoitzan bilduko dira igandean, eta meza eta pilota partiden ostean hamaiketakoa eta erromeria izango dira bertan. Caraboboko Euskal Etxearen webgunea. Baina Puerto La Cruzen Eusko Etxearen suari eusten diotenak ere ez dira atzean geldituko eta euskal elkartea sortu zenetik hutsik egin gabe egin bezala, Aberri Eguneko bilkura eta bazkaria egingo dute, Eusko Etxearen egoitzan, Lecherian.

TXILE ETA ESTATU BATUAK

Txilen Santiagoko 'Gure Etorkia' euskal kultur elkarteak ere Aberri Eguna ospatuko du igandean. Goizeko 10:00etan hasita, ibilaldia burutuko da San Cristobal muinora, eta bertan, Eusko Enparantzan, lore eskaintza egingo zaio Gernikako Arbolari, ondoren, pizkunde mezara joan, eta amaieran Gora Ta Gora kantatzeko. 'Gure Etorkia' elkartearen Facebook orria. Jakina denez, Santiagoko Euzko Etxeak igande bat beranduago ospatuko du programa osobatekin.

AEBetan, Miamiko Euskal Etxeak piknika egingo du Aberri Eguna ospatzeko. Hitzordua igandean, eguerdiko 13:00tan, izango da Jaime Angulo laku tropikalean. Ekitaldiaren tiketak (dena barne) 30 dolarreko prezioa izango du eta irabaziak Euskal Etxearen kultura/ikastola sailera bideratuko dira. Miamiko Euskal Etxearen webgunea

EUROPA

Europan, Londresko Euskal Elkarteak Ken Zazpi talde bizkaitarra gonbidatu du, euren kontzertuarekin ospatzeko Aberri Eguna. Kontzertua arratsaldeko 19:00etan hasiko da Oxford House-ko egoitzan (Derbyshire St., E2 6HG). Sarrera: 10 libera. Londreseko Euskal Etxearen webgunea.

Madrilen Euskal Etxeak bazkaria antolatu du Aberri Eguna dela eta. Euskal Etxeko txoko tabernan izango da bazkaria eta prezioa honakoa: 20 euro bazkideentzat eta 25 bazkide ez direnentzat. Madrilgo Euskal Etxearen webgunea

BUENOS AIRESEN

Bukatzeko Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak ere Aberri eguna ospatuko du, baina beranduago, apirilaren 30ean. Arratsaldeko 19:00etan hasita, Mikel Ezkerro irakasleak hitz batzuk esango ditu eta ondoren, Gernikako Arbola kantatu eta topa egingo da. Iparraldeko Euskal Etxearen Facebook orria.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia