euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Munduko euskaldunak eta euskal etxeak ere partaide, Bilbon egin den 'Peru Abarka' liburuaren irakurketan

2009/06/22

Kirmen Uribe euskal idazleak hasi zuen irakurketa (argazkia eitb.com)
Kirmen Uribe euskal idazleak hasi zuen irakurketa (argazkia eitb.com)

PUBLIZITATEA

Euskal Herri osoko laurehun lagunek irakurri zuten txandakatuz joan den ostegunean Juan Antonio Mogel idazle bizkaitarraren 'Peru Abarka' (1802) eleberria. Jendaurreko irakurketa Bilboko Arriaga antzokian gauzatu zen, bertara bildu zirelarik, bideo eta pantailen bidez, munduko hainbait euskal etxetako euskara ikasleak, besteak beste Frankfurt, New York, Boise, Erroma, Londres, Buenos Aires, Valparaiso, Montevideo, Montreal, Valladolid eta Bartzelonatik. Honekin bigarren edizioa izan du Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako 'Klasikoen Irakurraldia' ekimenak. Iaz Pedro Axular nafarraren 'Gero' (1643) irakurri zen.

Bilbo, Bizkaia. Ekitaldia goizeko zortzietan hasi zen, joan den ostegunean, Bilboko Arriaga Antzokian, eta hamabi ordu iraun zituen. Bigarren urtez eratu zuen Bilboko Bilbo Zaharra Euskaltegiak eta antzolatzaileen izenean Pedro Alberdik esan zuenez, berrogeita hamar gizarte eragilek hartu zuten parte bertan.

Aitor Argarate, Bilbo Zaharra Euskaltegiko zuzendariak adierazi duenez, aipatzekoa da munduko hainbat euskal etxek ekimenean izandako partaidetza 'txukuna'. Bideo bidez sartu ziren ekitaldian, hain zuzen ere Frankfurt, New York, Boise, Erroma, Londres, Buenos Aires, Valparaiso, Montevideo, Montreal, Bordele, Valladolid eta Bartzelonatik. Euskara ikasleak ziren gehienbat eta, Argarateren esanetan, bereziki deigarria izan zen irakurketa antzeztua egin zuten hiru ikasleen partaidetza. 'HABE jartzen da Euskal Etxeko ikasleekin harremanetan eta, benetan, eskertzekoa da euskararen alde, Euskal Herritik kanpo egiten ari diren ahalegina'.

400 parte hartzaile

Irakuketari hasiera Kirmen Uribe euskal idazleak eman zion eta egunean zehar Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea den Iñaki Goirizelaia; Andres Urrutia euskaltzainburua; edota Blanca Urgell, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua bezalako jende ezagunak aritu ziren 'Peru Abarka'ren pasarteak irakurtzen. Horiekin batera, baita kaleko jendeak ere. Irakurketa bakoitzak bi minutuko luzera izan zuen eta Arriaga antzokian bertan zein kanpoan jarritako pantailetatik jarraitu ahal izan zen. Hamabi ordutan 400 pertsona inguruk hartu zuten parte, aipatu bezala zenbait aurpegi ezagun tartean baina baita ezezagun asko ere, euskara ikasleak zein herritarrak besterik gabe, euskaldun zaharrak zein euskaldun berriak.

Antolatzaileen esanetan ekimenaren helburua, "euskara ikasle guztien ahalegina txalotzea" da, euren ahalegina aintzat hartuz. "Nolabait, hizkuntza ikasteko jarri duten ardura eta gogoa eskertuz omenalditxo bat egin nahi diegu'. Iaz Axularren 'Gero' lanaren irakurketa egin zen eta datorren edizio bati buruz galdetzerakoan, antolatzaileek erebaki gabe dagoela oraindik diote, "momentu honetan bakarrik esan dezakegu oso pozik gaudela ekimenak izandako harrerarekin".

Lehenengo euskal eleberria

'Peru Abarka' da euskal literaturan, nobela tankera duen lehen lana, 1802an Juan Antonio Mogelek idatzia. Idazlea Eibarren 1745ean jaio, eta Markinan zendu zen 1804.urtean. Mogel apaiza izan zen ogibidez eta aipatzekoa da Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea izan zela. Nahiz eta 1802 urte inguruan idatzitako istorioa izan, Mogelek ez zuen bere lana inprimatua ikusi. Izan ere, 1881.urtean inprimatu zen lehen aldiz 'Peru Abarka'. Euskal bertute guztien jabe den baserritarraren eta harroputz bezain ezjakina den kaletarraren elkarrizketak eta bizipenak kontatzen ditu Mogelek, euskal hizkuntza eta kulturaren apologiatzat hartu den lanean.

-Euskal Etxeetako kideek egindako bideoak: www.eitb.com/peruabarca



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia