Anitz lagun bertaratu ziren Florida hiri uruguaitarreko hego sarrerara muralaren inaugurazio ekitaldian parte hartzera, tartean euskal jatorriko jendea, arte eta historia ikasleak, eta mandatariak. FIVUko (Euskal-Uruguaitar Elkarteen Federazioko) lehendakaria Enrique Poittevin Gilmet ere izan zen zeremonian eta hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei. Ekintzaren baitan plaka oroigarria desestali eta Gernikako Haritzaren kimu bat landatu zuten agintariek.
Florida, Uruguai. Floridako Garapen eta Turismo Zuzendaritza Orokorrak bultzaturik, Picassoren Guernica koadroaren jatorri-tamainako erreprodukzio bat inauguratu zen joan den maiatzaren 29an hiriko 'Muralen Ibilbide'aren baitan. Munduko Bakearen aldeko margolana, herriko sarrera nagusian dago kokatuta eta “1937ko apirilaren 26an bonbardaketa nozitu zuten euskaldunen aldeko omenaldia da”.
Inaugurazio ekitaldiak jende ugari batu zuen, tartean bertako agintariak, Euskal Herriko etorkinen hainbat ondorengo, hiriko ikasle eta irakasleak, eta Uruguaiko euskal erakundeetako ordezkariak. Fisikoki egon ez baina euren mezuak bidali zituzten, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak,eta honekin batera Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosur-erako ordezkariak.
Zeremoniari hasiera emateko, berbaldi bana eman zuten Macarena Rubio alkateak, Gervasio Martínez Garapen eta Turismo Zuzendariak eta Enrique Poittevin Gilmet FIVUko (Uruguaiko euskal erakundeen federazioa) lehendakariak. Euren hitzetan, herriak bultzatutako ekimen izaera eta muralak Bakearen alde adierazten duen mezua goraipatu zuten hizlariek. Ondotik, zerrenda zuri-urdin argiak moztu zituen Rubio alkateak. Horren ostean eta plaka oroigarria desestali ondoren, ohorezko Aurreskua dantzatu zuen Andrea Bella dantzari uruguaitarrak. Murala dagoen lur eremuan, gainera, Bizkaiko Haritzaren kimu bat landatu zuten Rubio, Martínez eta Poittevin Gilmet agintariek.
Gogora dezagun inauguratu berria den Guernica koadroaren kopia hau Uruguain dagoen bere motako bakarra dela eta Ricardo Romero artista floridatarrak pintatu duela azken hiru hilabetetan. Margolana, 'Muralen Ibilbide'ko hamargarrena, turismoa sustatzeko proiektu baten parte da eta bultzatzaile eta babesleen artean honako hauek dauzka: Guernica Muralaren Omenaldi Batzordea, José Andrés Arocena diputatu nazionala, Floridako Espainiako Elkartea, Servando eta Gonzalo Echeverría, Agustín Almandoz eta Eduardo Echevarren; eta herriko euskal jatorriko beste hainbat familia, hala nola Arguiñarena, Arrospide, Albornoz-Ruy eta San Jorge-Garcia; eta baita Hugo Morales (eraikitzailea), Artigas Olivera (ideia proposatu zuena) eta María Alegre irakaslea ere, Jorge Romero muralistarekin batera.