Getaria, Gipuzkoa. Duela 500 urte, Magallaes-Elkano espedizioak lehen aldiz lotu zituen ontziz bost kontinenteak ozeanoak zeharkatuz. Gaur, bostehun urte pasa eta gero, Europa eta Amerikako bi ertzek 'Postalak mundubiran' ekimena tarteko bat egingo dute berriro, mundubira berri bat ematearren, oraingoan postal trukearen eta gaztetxoen begiradaren bidez. Izan ere, 250 postal Txiletik Euskal Herrira joango dira eta beste horrenbestek kontrako bidea hartuko dute.
Lana maiatzean hasi zen; 8 eta 14 urte arteko haur eta nerabeak "Ni eta itsasoa, itsasoa eta zu" lelopean postalak marraztu eta idazteko prestatu ziren. Antolatzaileen helburua, gazteek, itsasoarekin duten harremanari buruz hausnartzea, baita itsasoarekin lotura duten beste kultura batzuk eta beste mundu-ikuskera batzuk ezagutzera bultzatzea ere, kultura-aniztasuna babestuz. Proiektuaren amaieran, 500 postalok liburu digital batean argitaratuko dira. Proba-esperientzia honen ostean, 2022an lehen mundubirarekin lotutako beste lurralde batzuk ere gonbidatu nahi dira ekimenera, hala nola Andaluzia, Filipinak, Cabo Verde edo Portugal.
Txile eta Euskal Herriaren arteko proiektuan lankide dira Elkano Fundazioa, Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionala, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Teraike Fundazioa. Eta itsasertz bakoitzeko 7 eskola. Euskal Herritik, Getariako Iturzaeta Eskola Publikoa, Orioko Zaragueta Eskola Publikoa, Mutrikuko Goizeko Izarra eta San Miguel, eta Bermeoko Sagrado Corazón, Eleizalde Ikastola eta San Frantzisko. Magallaes eta Txileko Antartika eskualdetik beste zazpi eskola hauek: Punta Arenaseko Hernando de Magallanes, Padre Alberto Hurtado eta Pedro Sarmiento de Gamboa; Puerto Natalesko Coronel Santiago Bueras, Puerto Williamseko Donald McIntyre Griffiths lizeoa, eta Porvenir-ko Bernardo O'Higgins eta María Auxiliadora eskolak.