euskal diaspora eta kultura
2010/04/26
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Egia da urterik urte gero eta gutxiago direla Euskal Herrian zein Diasporan gelditzen diren Gernikako sarraskiko lekuko zuzenak, baina oraindik ere badira. Orain arte eguna urtero gogora ekartzen zuen bat, San Frantziskoko Felix Bilbao gudariak ez du gehiago egingo, tamalez hil berria baita joan den apirilaren 3an hiri kaliforniarrean, 93 urte zituela. Felixek aipatu izan du Ondarroan zegoela bera egun hartan, eta Gernika bonbardatzera zihoazen hegazkinak pasatzen ikusi zituztela Zamalloako ermitatik. Estatu Batuetan bertan baina barrualderako, Utah estatuan, euren lekukotasuna eskaini diote bertako egunkari bati Madalena eta Jaime Sangroniz senar-emazte gernikarrek. Sangroniztarrak aspaldi emigratu zuten Estatu Batuetara eta bertan jaio eta hazi dituzte, amerikar eta euskaldun, euren lau seme-alabak, eta bilobak. Utah-ko hiriburuko Salt Lake Tribune egunkariak jaso du orduan sorleku eta bizileku zuten Gernikarekin apirilaten 26 hartan gertatu zenaren kontaketa.
Hego Ameriketako zenbait lekutatik ere iritsi dira gure erredakziora gaurko eguna gogoratuko duten euskal etxeen dei eta hitzorduak. Gutxi batzuk bilduko ditugu hona. Argentinako San Luis probintziako Villa Mercedes herritik, bertako euskal etxeak herriko plazan Bakearen eta Askatasunaren aldarrikagarri landatu zuen Gernikako Arbolaren kimu ondoan plaka bat ezarriko du. Horretarako, Udalak deklarazio bat onartu du, berau 'Kultur eta Historia Ondare' izendatuz.
FEVAtik, eta joan astean Buenos Airesen hasia den Liburu Azokaren baitan, atzo eta gaur ekitaldi sorta egin dira eta segituko dute, arreta deituz efemerideari buruz. Besteak beste, ohorezko aurreskuak dantzatu dira, Aitor Alava dantzari, Arrecifesko txistulariak lagun, gaiari buruzko dokumental bat eman da eta Xabier Olaizolak FEVAren eskariz idatzitako 'Gernikatik 73 urtetara' izeneko izkribua irakurri da.
Bere aldetik, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak programa oso bat antolatu du, larunbatean hasita eta gaur egunean segituta. Egitaraua artikulu honen ilustragarri dagoen irudian irakur daiteke, handiagoan hemen klik eginez.
(artikulu honen gaztelaniazko bertsioan, Diasporako hiru pertsonak erdaraz bidali dizkiguten hiru idazki daude, Gernikako bondardaketaren harira)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus