Necochea, Argentina. Urtero jendetsu eta arrakastatsu den festa da Necocheako San Sebastian festa eta danborrada, baina aurten Necochea bertakoak ezezik Argentinako beste hainbat tokitako euskaldunak eta atzerritik etorritakoak ere bildu ditu inoiz baino gehiago. Bostehun bat jende izan dira partaide hiriko Euzko Etxearen egoitzan, etorriak besteak beste Mar del Plata, Rosario, Buenos Aires (Laurak Bat), La Plata, Laprida, Cañuelas, Gral. Las Heras, Bahia Blanca, San Nicolas, Balcarce, Azul, Lomas de Zamora eta Macachin-eko euskal etxeetatik, baita ere Jujuy eta Loberiako euskal gizataldeetatik.
Eta urrunagotik, Gipuzkoako Hernanitik ere hurreratu baitira gonbidatuak, eta are gehiago, Valentzian, Bartzelonan, Sydney-n eta Londresen bizi diren euskaldun batzuk ere animatu dira argentinaratu eta Necocheako euskal jai handienaren lekukoak izateko.
Jaiak hiru ospakizun nagusi izan zituen: urtarrilaren 24an, 'Sagardotegi Gaua' ospatuta; 25ean, Pintxo Eguna; eta bukatzeko, 26an, larunbata, erromeria. Azken honetan Maria Angeles Ibarguren hautatu zuten alkate etxekoek, eta jotzaile txiki eta helduek danborrada eskaini zuten elkarrekin.
Dantzariak ere izan ziren larunbat gaueko protagonista, bai Necocheako Gazte Alai taldekoak, baita Buenos Airesko Laurak Bat-ekoak ere. Sorpresa eder bat ere prestatu zuten anfitrioiek: Euskal Herritik etorritako Ainara Ortega Barrenetxea kantari hernaniarrak abesti batzuk eskaini zizkien bildutako lagunei.