Donostia-San Sebastian. Azkeneko egunotan hamaika euskal etxe, euskal komunitate eta lekuetatik heltzen joan dira EuskalKulturaren erredakziora Euskal Diasporaren Eguna (EDE) ospatuko duten mundu osoko beste hainbeste hitzordu eta deialdi. Asko, irailaren 8rako, baina ez dira gutxi asteburuan ere ospatuko dutenak, eta bateon batek lehenago ere ospatu du, eta bada egun batzuk barru ospatuko duenik ere. Izan ere, egiazki axola duena ez baita eguna, bat egitea baizik, eta zalantzarik ez da arrakastaz ospatuko dela aurten ere.
Ezin ditugu hitzordu guztiak bildu, baina lagin esanguratsua uste dugu batu dugula: La Platan joan den asteburuan hasi ziren Diasporaren Egunaren baitango saioak egiten, halakotzat aurkeztu baitzen pasa den ostiralean jendaurretutako "Marinka, gudako umea" ikuskizuna. Sao Pauloko Eusko Alkartasunak igandean senidetasun bazkari batera bildu zituen bazkide eta lagunak. Atzo osteguna, irailaren 8aren bezpera, Uruguaiko Salton, Saltoko Euskaldunen Taldeak pintura erakusketa zabaldu zuen EDE barruan. Buenos Airesen, Eusketxe Eusko Kultur Etxeak euskal mitologia tailer bat hasi zuen EDEren izenpean. Eta Peruko Trujillon, Trujilloko Euskal Etxeak hiru eguneko programa bati ekin zion. Montevideoko Euskaro Euskal Etxeak, berriz, hitzaldi bat eta topa-egitea antolatu zuen bere egoitzan.
Bannerra atera duten euskal etxeetako batzuk: Montevideoko Haize Hegoa (Uruguai), Trujilloko Euskal Etxea (Peru), Sao Pauloko Eusko Alkartasuna (Brasil), Rosarioko Zazpirak Bat (Argentina), Berlingo Gernika (Alemania) eta Salt Lake Cityko Utah Basque Club )AEB)
Diasporaren Egunarekin bat egin dute baita ere: Viña-Valparaisoko Euzko Etxea (Txile), Limako Euskal Etxea (Peru), Paueko Lagunt eta Maita (Frantzia) eta Concepción del Uruguay-ko Ibai Txori Euskal Etxea (Argentina)
Gaur, Diasporaren Eguna, Eusketxek euskarazko topaketa baterako deia egin du hiri porteñoan, afaria, bingoa eta karaokea barne. Madrilen, Euskal Etxeak dantza eta txistu taldeen eta Orfeoiaren emanaldia antolatu du. Gernikan, ekitaldi instituzionala egingo dute, Urkullu lehendakaria buru, eta "Basques in Australia" erakusketa zabalduko da Euskal Herria Museoan. Urepelen, Argentinan grabatutako 'Transmisioa' dokumentala eskainiko dute Amerikanoienea kultura gelan. Uruguaiko Salton, hitzaldia bertako euskal presentziaz eman eta estatua bat estreinatuko dute. Peruko Liman, dantza, abesbatza, euskara klase magistrala eta afaria partekatuko dituzte. Azulen, meza katedralean eta ekitaldi bat egingo dute parkean. Tandilen, Gure Etxeak elkarretaratze aberatsa prestatu du, dantzak, Gure Abestiak, hitzaldia eta pintxo-dastaketa eta guzti. Concepción del Uruguayn, elkarrekin afaldu eta Diasporaren alde egingo dute topa.
Peruko Cusco-Urubamban, meza iragarri dute ostiralean Euskal Etxeko zaindari den Junkalgo Ama eta Diasporaren Eguna gogoan, larunbatean EEaren batzarra eta topa-egitea, eta igandean, Trujilloko lagunekin batera online solasa Arkaitz Goikoetxearekin. Rosarion, berriz, ostiralean Amama filma eta euskal zinema saio batekin eta ondoren Zazpirak Bateko Gaboto jatetxean afalduz ospatuko dute. Estatu Batuetako Boisen, "Diaspora Eguna Mintzagai" izeneko mintegiarekin, online. Pergaminon, ostiral eta larunbatez, Haritz aurrean plaka jarri, topa-egin, omenaldi bat eta afari dantzaldidun batekin. Olavarrian, Pablo Ormazabalen 'Etxe Maitea' liburua aurkeztuz. Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek, ostera, Nuriz Villaltaren "Guk" dokumentala emanez eta Topaketan topa-eginez. Necocheako Euzko Etxean, festa handi batez, dantzak, janari tipikoak eta erromeria dotore batekin. Txileko Santiagotik, baina online, topaketak "Euskal pilota Ameriketan" izenburua izango du.
Ez dira batere atzean geratuko munduan sakabanatutako euskal familiaren bilkura handi honetan La Platako Euzko Etxea, Buenos Airesko Laurak Bat, Macachíngo Euzko Alkartasuna, Pergaminoko Lagun Onak, Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxea eta Cordobako Gerora, guztiak Argentinakoak
Ospakizunetan lankide izango dira bakoitza bere lekutik hondar alea ipintzen Caracaseko Eusko Etxea (Venezuela), Madrilgo Euskal Etxea (Espainia), Vasc@s en América taldea ere batuko da topaketa birtual batekin, Mexiko Hiriko Euskal Etxea (Mexiko) eta Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxea (Argentina)
Bihar larunbata, Mexiko Hiriko Euskal Etxeak pilota, pintxo-potea, herri-kirolak eta jolasak hartuko ditu elkartearen egoitzan egingo duen Diaspora Eguneko festako ardatz. Llavallolgo Euskal Echea eskolan, FEVAk bere euskal etxe elkartuetako txikienak bilduko ditu jolasak, dantzak eta elkarrekin bazkaltzea bilduko dituen jaian. Cordoban, Gerorak "ospakizun handi bat" iragartzen du mintza topaketa batekin. Londresen ere, mahai baten inguruan biltzeko da deialdia, London Basque Society Elkartea antolatzaile. La Platan larunbatean segituko dute festek, janaria eta dantzatzeko musika biltzaile. Baita Trujillon ere, 8 euskal abizen filma emanez. Ahaztu gabe Diasporaren ospakizuna bereziki presente egongo dela euskal artzain amerikanoen Urdazubin egingo duten Euskal Artzainak Ameriketan Eguneko ospakizunetan, baita Nevadako Paradise Valleyko Santa Rosa Euskal Etxeko Urteroko Euskal Piknik eta Festan.
Eta Nevadako Santa Rosatik Argentinakora, baina igandearekin. La Pampa probintziako hiriburu Santa Rosan, tripako zorriak asetuz ospatuko dute Diasporaren Eguna. Montevideon, igandean, bazkaria, euskal dantza eta kirolak programaratu dituzte. General Rodriguez-en, berriz, elkartearen 24. urteurrenarekin batera ospatuko dute, bazkari handi batekin Eusko Aterpearen egoitzan. Macachinen, Euzko Alkartasunak aukera baliatuko du omenaldia egiteko Etxeko lehenengo dantzariei. Eta larunbateko beste bi hitzordu: Bruselan, BEE euskal etxeak hiriko eta inguruko lagun guztiak elkarrekin afaltzera gonbidatu ditu. Eta Txileko Viña del Mar-Valparaíson, gonbitea mintza txokoa eta bazkarirako izan da. Artikulu honetara bilduko ditugun azkeneko hitzorduek Alemaniako Berlinera garamatzate, bertan larunbatean elkartuko dira hala nahi duten euskaldunak eta alemanak topa egiteko euskal diaspora gogoan. Gernika Kulturverein Euskal Etxea antolatzaile. Eta Salt Lake Cityko hitzordua, bertako Hidden Village Park-en gaur arratsaldean bilduko baitira Basque Club of Utahko lagunak munduko gainerako Euskal Herriko eta Diasporako euskaldunekin,
[Hitzordu hauek lagin bat esterik ez dira, euskal etxe askok ez baitituzte helarazten edo garaiz euren hitzorduak. Zeure euskal etxekoa ikusten ez baduzu, helbide honetara bidal dezakezu informazioa: info@euskalkultura.eus]