Donostia-San Sebastian. Mundu osoko hainbat euskal etxe eta komunitatetan bilduko dira asteburu honetan San Ignazio, San Inazio, Iñaki Deuna... ospatzeko. Izan ere, San Ignazio —Euskaltzaindiak honela idaztearen aldeko erabakia hartu zuen— nazioartean gehien ospatzen diren euskal jai tradizionaletakoa da, eta euskal etxerik ez dagoen beste hamaika lekutan ere oihartzuna dauka, Gipuzkoa eta Bizkaiko zaindari denez —Bizkaian Berriotxoako San Balentin zaindarikide—, eta josulagunen fundatzaile ere izanik.
Aurten uztailaren 31a igandea denez, errazago antolatu dituzte ekialdiak, batzuetan festak eta jai-programak, eta besteetan mezak, askotan, bazkariak eta ekitaldi apalgoak. Ohitura da baita ere Estatu Batuetako Boisetik Txileko Santiago edo Argentinako Buenos Aireseraino, meza horietan 'Inazio gure patroi haundia' ereserkiarekin bururatzea ekitaldi erlijiosoak, askotan dantzariak partaide, Boiseko prozesio eta aldareko dantzak adibide, San Inazioren irudia dantzariek daramatela elizaraino.
Ospakizun hauetako andana baten berri zehatzago larunbat eta ifandeko gure agendan topa daiteke, baina gainbegirada eskainiz, izen batekin edo bestekin, santu loiolatarra gogoan bildu eta ospatuko dute besteak beste Argentinako Arrecifes, Rosario, Azul, Buenos Aires —Laurak Bat, Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioa, Lagun Onak abesbatza—, Comodoro Rivadavia, Corpus Christi, Necochea, La Plata, Pergamino, Villa María, Cañuelas... beste askoren artean. Baita ere aipatutako Boisen, Estatu Batuetako Idahon, Txileko Santiagon —Euzko Etxea eta Txileko Euskal Gizataldea— eta Valparaison festa tradizionala da. Uruguaiko Montevideon. Espainian, besteak beste Madrilen. Brasilgo Sao Paulon. Mexikon, Mexiko hiriburuan... Agiantza onenak guztioi.