euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mundu osoko hainbat euskal etxek bat egingo dute gaur Donostiarekin danborrada jo eta ospatzen

2010/01/19

Mexiko hiriburuan bertako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen danborrada (argazkia EuskalKultura.com)
Mexiko hiriburuan bertako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen danborrada (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

San Sebastian eta danborrada munduko euskal etxeetan oihartzuna duen festa da. Egunotan, Shanghai, New York, Mexiko, Necochea, Caracas, Madril, Bartzelona, Valladolid, Murtzia... eta beste hainbat herri, danborradak antolatu eta Sarriegiren doinuak plazara aterako dituzten lekuak izango dira, tokian tokiko euskal etxeak medio. Are gehiago izango dira etxe partikularretan, jatetxetan eta lagunarteko elkarretaratzetan Donostia eta San Sebastian jaia ohoratuko duten jendeak. Askok, zuzenean segituko dute gaur gauean Euskal Telebistaz (ETB-1, ETB-2, ETB-Sat eta Canal Vascoz) Donostiako Parte Zaharreko Konstituzio Plazatik eskainiko den ikurrinaren eta Donostiako banderaren igotzea.

Donostia-San Sebastian. Euskal testuinguruko San Sebastian ospakizunak joan den asteburuan hasi ziren munduko leku batzuetan, aurten urtarrilaren 20a asteazkena eta lan-eguna izanik, behar bezala ospatzeko deialdiak aurreko edo ondoko asteburura eramateko joera baitago Diasporan. Hala egin dute --aurreratu--, esaterako, Mexiko hiriburuko Euskal Etxean, joan den larunbatera bildurik afari herrikoia, danbor eta barrilen sarrera eta euskal egoitzara bertaratutako guztiek elkarrekin Sarriegiren piezak jotzeko tradizioa.

Argentinan, danborradarik famatuena Necocheako Euzko Etxeak urtero antolatzen duena izango da. Hor ere, arrazoin beretsuengatik, aurten ospakizuna aurreko asteburura ekarri da: ostiralean erromeria antolatu zuten euskal etxean, larunbatean danborrada herriko kaleetan zehar, eta jai programa bihar asteazkena, San Sebastian egunean, bukatuko da, meza batez Santa Maria del Carmengo parrokian, geziek akabatu zuten santuaren ohoretan beti ere.

Bartzelona eta Madril

Bartzelonan, berriz, dena prest dago Euskal Etxean gaur gauez San Sebastian afariari ekin eta 23:30ak direnean ETB-Sat telebista kanalarekin bat egin eta Donostiako Parte Zaharretik --eta Azpeititik-- zuzenean emango duten 'banderaren igoera' segitzeko, Sarriegiren aireak lagun, danborradako kit-eko osagarriak erabiliz.

Madrilen antzeko zerbait egingo dute. Euskal Etxeari dagokionez, bertako danborrada eta ospakizuna hiriburuko Casa de Campoko 'Guipuzcoa' jatetxean egingo da, hemen ere, danborrero ofizialez gain, afaltiarren danborrada kit-ak erabiliz. Baina Madrilgo beste hainbat leku, etxe eta jatetxetan ere egingo dira festak, tartean Jai-Alain, Zerainen eta beste zenbaitetan. ETB-Satek egingo duen zuzeneko emanaldiak lagunduko du giroa ezartzen.

Valladolid, Murtzia...

Espainiako estatuko leku gehiagotan gertatuko da hori, euskal etxea daukaten eta ez daukaten lekuetan ere. Lehenengoen artean, urtero ospatzen dute San Sebastian festa eta danborrada, esaterako, Valadolid eta Murtziako euskal etxeetakoek.

Madrilgo Euskal Etxearen kasuan, komeni da argitzea gaur gauez helduen danborradaren txanda izango bada ere, datorren igandean, 24an, Euskal Etxeko haur danborradarena izango dela, eguerdiko ordu batean, Euskal Etxe aurrean. Gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari den deia da.

New York, Shanghai...

New Yorken, deialdia datorren astebururako utzi zen. Larunbat arratsaldean izango da, beraz, Eckford Street-en, Eusko Etxea-ren egoitzan, ohiko San Sebastian afaria lagun, danborrada kit-a barne, txanoa, Sarriegiren musika eta abarrez.

Txinarainoko jauzia emanez, Shanghaiko Euskal Etxeak ez du atzean gelditu nahi izan eta donostiarrak, lagunak eta zaleak oro datorren larunbaterako deitu ditu, San Sebastian afaria egin, solemnidade osoz San Sebastian Martxa jo eta kantatu --ez dakitenentzat paperak banatuko dituzte hitzekin-- eta danborrari kita baliatzeko (sukaldari txanoa, zapia, danborra eta palilloak).

Zalantzarik ez dugu kontinente guztietako hamaikatxo bat lekutan ospatuko dela gaur, bihar eta datorren asteburuan San Sebastian eguna. Mundu bateko distantziak tarteko, milaka jendek ilusioa, bozkarioa eta partaidetza sentimentu bat partekatuko dituzte, izan ere distantziak ere banatu ezin duen indarrak batuta. Bagera!

[Ez badituzu zure euskal etxeko edo zure eskualdeko San Sebastian ekitaldiak hemen ikusi, idatz iezaguzu hona, esanez nork, zer, noiz eta dakizkizun gainerako jakingarriekin]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia