euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mundu osoan hamaika euskal etxe batuko zaizkio larunbat honetan, lehenengo aldiz antolatu den Euskal Diasporaren Egunari

2018/09/07

PUBLIZITATEA

Mundu osoko euskal etxe eta komunitateek erantzun zinez engaiatua eman diote Eusko Jaurlaritzak irailaren 8an 'Euskal Diasporaren Eguna' ospatzeko proposamenari. Data, larunbat honetan ospatuko da lehenengo aldiz, gerora urteroko hitzordu legez ospatzeko asmotan. Berez, Juan Sebastian Elcano getariarra, munduari lehengo bira eman ondoren itzuli zeneko egunari dagokio data, eta Urkullu lehendakaria buru duen Euskal Gizataldeetako Aholku Batzordeak hartu zuen joan den abenduan, munduko euskal etxeek bertan dauzkaten hiru kideen aldeko botoez.

Donostia-San Sebastian. Egiari zor, mundu osoko euskal etxe eta komunitateek erantzun ezinhobea eman diote Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak Euskal Diasporaren Eguna dela-eta ekitaldiak antolatzeko eginiko proposamenari eta hainbat dira munduko bazter guztietan karia honetara eratu diren mota askotako saio, elkarretaratze, ekitaldi eta hitzorduak. Helburua, xinple eta argia: euskal diasporaren berri plazaratzea eta agerian ipintzea Euskal Herria bizi dela, Pirineoen magalean ezezik, munduan zehar euskaldunak dauden lekuetan, eta 'kanpoko euskaldunak' aspaldidanik izan direla eta direla Euskal Herriaren errealitateko parte, eta hala izaten segitzeko gainera, euskal herritar askok oraindik behar bezala ezagutzen ez baditu ere.

Datozen lerroetara euskal etxeek munduan barrena Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko deitu dituzten ekitaldietako batzuk bildu ditugu. Zerrenda luzea da, baina zerrendatik kanpo geratu diren beste hainbat ekitaldi ere badaude. Izan ere, zeure euskal etxeko ekitaldiak bertan ikusten ez badituzu, aski duzu geuri idaztea info@euskalkultura.com helbidera eta zerrenderatu edo agendan saruko genuke. Aukera ona da hau munduko euskaldunei zorionak emateko euren egun ezarri berrian. Ondo ospatu eguna!

IRAILAREN 8ko HITZORDUAK

Alemania

  • Berlingo Euskal Etxeak bat egiten du Euskal Diasporaren Egunarekin eta modu berezi batez egingo du. Izan ere, elkarteak 2016an Agirre lehendakariaren hiriko mapa eta web orria, Berlinen gai horri buruz egin zuten kongresuarekin lotua, eta Diasporaren Eguna egokia iruditu zaie jendeari gonbitea luzatzeko Agirreren leku adierazgarrien ibilbide hori oinez egiteko. "Beraz, 14:30etan Brandenburgoko atean topatuko gara, gida Ingo Niebel historialari eta kazetaria dugula, bizpahiru ordu hartuko dituen paseoa eginez, Wilhelmstr-etik Topographie des Terrorsera, handik Checkpoint Charlie, Gendarmenmarkt, eta St. Hedwigs katedraletik Zeughauseraino"

Argentina

  • Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeak lore eskaintza egingo dio goizeko 11etan Udaleko Parkean lndatu zuen Haritzari. Arratsaldeko 5etatik aurrera, kultur ekintza euskal etxearen egoitzan: Arantzazu Ama Birjinaren irudiaren tronuratzea, Iñigo Urkullu Lehendakariaren mezuaren irakurketa, eta bideoak, kantak eta abestiak instituzioko ikasleen eskutik. Informazio gehiago, hemen.
  • Bahia Blancako Union Vasca: arratsaldeko 6etan, Mus Txapelketa; 6:30etan, pilota erakusketa eta partida; 7:30etan, txikientzako ekintzak euskaraz; 9:30etan, afaria. Informazio gehiago, hemen
  • Buenos Airesko Eusko Kultur Etxea: arratsaldeko 5etan bilduko dira Eusketxeko lagunak 'Vascos en Argentina' dokumentala ikustera eta migrazioari buruzko eztabaida konpartitzeko. Informazio gehiego, hemen.
  • Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak Misiones probintziako bertako herrien aldeko topaketa gastronomiko solidarioa egingo du. Informazio gehiago, hemen.
  • Buenos Aireseko Euskaltzaleak-ek 'Arbasoen bidean, geure memoria’ tailerrera gonbidatzen du. Arbaso euskaldunei omenaldi bat egiteko asmoa duen ekitaldi honen sarrera historialaria den Olga Carricaburuk egingo du; horren ostean euren familien istorioak kontatuko dituzte bildutakoek, argazkiak eta mapak lagun. Informazio gehiago, hemen.
  • Buenos Aireseko Laurak Bateko lagunek Buenos Aireseko ikurra den Obeliskoari besarkada bat egitera gonbidatzen dute. Besarkadarekin batera Plaza Dantzak egingo dira Obeliskoaren inguruan. Hitzordua 11:30etan. Informazio gehiago, hemen.
  • Buenos Airesko Ekin Kultur Taldeak Laurak Bat-ek deitutako ekintzan hartuko du parte. Horren ostean euren entsegua egingo dute La Fabrica gunean eta arratsaldeko 6etan, euskal poteoa San Telmo auzoan.
  • Concordiako Ibaiko Izarra Euskal Etxeak probintziako Immigrantearen Jaialdian ospatuko du. Informazio gehiago, hemen.
  • Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea Euskal Etxean 'Handia' pelikula ikustera bilduko dira arratsaldeko 7etan. Ondotik, senidetasun afaria: etxeko pizzak partekatuko dituzte. Informazio gehiago, hemen.
  • Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxea Arantzazuko Ama Birjinaren irudiarekin prozesioan aterako da, arratsaldeko 5etan, eta Arantzazuko Andra Maria Euskal Etxea dagoen auzoko babesle izendatuko dute, meza bat ere eginez. Gauean, afaria Euskal Etxearen egoitzan. Informazio gehiago euskalodola@yahoo.com.ar helbidean
  • Jose C. Pazeko Toki Ederren, euskara, literatura, sukaldaritza eta dantza tailerrak antolatuko dituzte goizeko 11etatik arratsaldeko 6etara. Askaria ere partekatuko dute, egoitzan eta kalean. Informazio gehiago toki_eder@speedy.com.ar.
  • La Platako Euzko Etxeak afari batekin ospatuko du Euskal Diasporaren Eguna
  • Mendozako Denak Bat-en, 'Flujo migratorio vasco en Argentina y Mendoza' izenburuko hitzaldia, Sebastien Arrieta lapurtarra hizlari. Ondoren, senidetasun afaria. Hitzordua, iluntzeko 8:30etan. Informazio gehiago, hemen.
  • Necocheako Euzko Etxean, Sagardo Gau batekin ospatuko dute, euskal elkarteko Eneko Sagardotegian, gaueko 9:30etan aurrera. Informazio gehiago, hemen.
  • Olavarriako Gure Etxe Maitean bi eguneko programa antolatu dute. Irailaren 8an bertan, arratsaldeko ordu 2etan ibilaldia Gernikako Plazaraino eta buelta. 3:30etan, dantza eta kantu emanaldiak Coronel Pringleseko Euskal Etxeko kantariak lagun; 5etan, haritz baten landatzea. Irailaren 9an, berriz, bazkaria eskainiko dute Olavarriatarrek.
  • Pergaminoko lagun Onak-ek zenbait ekintza iragarri ditu, iluntzeko 8etan hasita: José Antonio Agirre Lehendakariari buruzko ‘Paris’ dokumentala pantailaratuko, Goizeko Izarra taldeko hiru dantza taldeen emanaldia, danborrada, afaria eta erromeria.
  • Rosarioko Zazpirak Bateko lagunek besarkada sinbolikoa emango diote hiriko ikurra den Banderaren Monumentuari, eguerdiko 12etan.
  • San Nicolaseko Euzkal Etxeko kideek kultur ekitaldi bat gauzatuko dute arratsaldeko 8:30etatik aurrera: bideoak, musika eta dantzak. Afarian hiriko agintariak eta beste kolektibitateak ere bilduko dira.
  • Tandilgo Gure Etxeak Euskal Herrian jaiotako adin guztietako kideak omenduko ditu afari batean. Etxeko dantzarien dantzaldia gaua animatzeko.
  • Villa Mariako Euzko Etxeak dantzaldi batera gonbidatzen du. Jai Alai dantzariekin batera Denak Bat abesbatza eta etxeko danborrariak ere arituko dira. Hitzordua iluntzeko 8:30etan da, Villa Mariako Unibertsitate Nazionaleko Errektoretzan. Informazio gehiago, hemen.
  • Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak 18:00etan ezarri du Euskal Diasporaren Eguneko bere hitzordua. "Euskaldunen ondorengo bazara, Udal Museoko Marcelo Pereyra historialariarekin espero zaitugu gure Diasporaren historia idazten hasteko", aderazi dute
  • Las Floresko Loretako Euskaldunak Euskal Etxeak 19:00etan finkatu du bere deia Eguna 'Gora Vasco!' filma emanez eta Guillermo Larregui 'El Vasco de la Carretilla'ren figura (Iruñea, 1885 - Puerto Iguazú, 1964) aztertzeko

Belgika

  • Bruselako Euskal Etxeak joan-etorria egun berean izango duen txango bat antolatu du Amsterdam-era, Rijksmuseum-en zabalik dagoen Chillidaren erakusketa bisitatzeko.

Brasil

  • Sao Pauloko Eusko Alkartasunak senidetasun afari batekin ospatuko du Gernika Kutun bere egoitzan. Informazio gehiago, hemen.

Espainia

-Madrilgo Euskal Etxeak egun osoko ekitaldia antolatu du, argazki erakusketa, dantzak, pintxopotea eta Euskal Etxeko kideen leukotasunak plazaratuz. Informazio gehiago, hemen

Estatu Batuak

  • New England Euskal Etxeak 'Marinela Day', euskal arrantzaleen festa, antolatu du, Diaspora Euskal Herriko kostaldeko herrietako festetan bezala ospatzeko. Informazio gehiago, hemen
  • Renoko Euskal Etxeko lagunek Euskal Artzainaren Monumenturaino egingo duten ibilaldi batez ospatuko dute Diasporaren Eguna. Taldea goizeko 10etan abiatuko da, Rancho San Rafael-en
  • Utahko Euskal Etxeak Zikiro Besta bat antolatu du. Arratsaldeko 4:30etatik aurrera, Bywater Park Pavilion-en

Frantzia

  • Bordeleko Euskal Etxean, 14:30etan, Elcanori buruzko agerpena; 5etan, “Une histoire des basques a Bordeaux” liburuaren egilearen Diego Gilen hitzaldia.

Ingalaterra

  • London Basque Society Euskal Elkarteak Haggerston Community Centre-n bildu eta afari bat partekatuko du

Mexiko

  • Mexiko hiriko Euskal Etxean ere egun osoko programa: 11etan, esku pilota eta pala partidak Mexikoko txapeldunak partaide; ordu 2etan, Txoko sukalde berriaren irekitzea Euskadik Mexikon duen Ibon Mendibelzua ordezkaria bertan dela; ordu 2:30etan, bazkaria; 6etan, flauta emanaldia Ana Miren Bidaurrazagaren eskutik; 7:30etan, Lourdes Arrechearen pintura erakusketa. Eta Mus Txapelketa. Informazio gehiago, hemen.

Peru

  • Limako Euskal Etxean goizetik hasita ospatuko dute, egitarau honekin: Diaspora historikoari omenaldia, euskal dantzak, bazkaria, euskal musika eta mus txapelketa.

Txile

  • Santiagoko Euzko Etxean egun osoko ekitaldi bat egingo da programa honekin: arratsaldeko 3:30etan, Esku Pilota; 4:15etan, Elkanoren bidaiari buruzko azalpen laburra, gaztelaniaz; 4:30etan, Elkanoren bidaiari buruzko azalpena, euskaraz; 4:40etan, Txalaparta; 5etan, Itxaropen Gaztea dantza taldearen emanaldia eta Abesbatza; 5:25etan, Txistu eta Danborra, Riquelme anaien eskutik; 5:30etan, musika txiletarra Maria Angelica Carrasco eta Ignacio Bastarricarekin. Honez gain, Mus Txapelketa ere egingo da eta euskal platerak eskainiko zaizkie bildutakoei.
  • Viña del Mar-eko Eusko Etxean, omenaldiak, musika, dantza, pintxopotea eta sorpresak arratsaldeko 4etatik aurrera.

Uruguai

  • Haize Hegoa Euskal Etxeak ibilbide bat egingo du Montevideon, euskal gizataldearentzat adierazgarriak diren lekuak bisitatuz: Zabala Plaza, Gernika Plaza, Damaso Antonio Larrañagaren omenezko monumentua... dantzariek dantza egingo dute eta txangoa bukatuta, afaria Euskal Etxean. Autobusa Euskal Etxetik aterako da ordu 2:30etan.

Venezuela

  • Caraboboko Eusko Etxeko programa: 10:30etan, hitzaldi-eztabaida: 'Diaspora, zortzigarren lurraldea'; 11:30etan, brindisa eta bazkaria; 4etan, amaiera.
  • Caracaseko Euskal Etxeko lagunek Diasporaren Eguna ospatzera bilduko dira

IGANDEA, IRAILAREN 9a

Argentina

  • Misionesko Euskal Jatorri-ko dantzariek paella salmenta egingo dute
  • Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxeak, La Pampan, bazkari bat egingo du. Informazio gehiago, hemen.

IGANDEA, IRAILAREN 16a

Uruguai

  • Montevideoko Euskaro Euskal Etxean inaugrazioa: Rocio Matosas Etchebarne artistak Euskal Etxean margotutako 'Guernica' koadroaren erreprodukzioa inauguratuko dute. 12:30etan izango da eta ondoren bazkaria iragarri du elkarteak. Informazio gehiago, hemen.

LARUNBATA, IRAILAREN 22a

Argentina

  • Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Eukal Etxeak urteroko bere dantzaldia egingo du Brazzola Udal Antzokian, Euskal Diasporaren Eguneko programa barruan. Informazioa, hemen

OHARRA. Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak datuak zabaldu ditu munduan, lehenengo edizio honetan Euskal Diasporaren Eguna ospatuko duten euskal etxeena, orotara 60 uskal etxe bilduz gutxienez. Hona eskaini dituen datuak



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia