Donostia-San Sebastian. Martxoaren 14an atera zen Korrika Irundik eta datorren igandean, 24an, iritsiko da helmugara, aurten Baiona, 2.700 kilometroko ibilbidea osatu ondoren Euskal Herri osoan barrena. Lerro hauek idazten ditugun bitartean bi urtean behin AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko ekimen erraldoiak aurrera darrai bere olatu geldiezinean (ikus hemen zuzeneko irudiak). Beren aldetik, Korrika ‘sinbolikoek’, Diasporan eta Euskal Herritik kanpo egiten direnek, beste muga batzuk gainditzen dituzte. Aurtengoan martxoaren 2an hasi ziren, Parisekoarekin, eta aipirileraino luzatuko dira, munduko txoko askotatik bat egin eta euskararekiko engaiamendua adieraziz.
EuskalKulturak aurreratu zuenez, Pariseko Euskal Etxea izan zen goiztiarrena eta ondoren Europa, Amerika eta Asiako beste hainbat euskal elkartek jarraitu zioten. Ospakizunetako asko joan den larunbatean gauzatu ziren eta beste multzo handi bat datorren asteburuan emendatuko zaio, Euskal Herriko Korrika nagusia Baionako helmugan sartzen den egunarekin bat. Datozen lerroetan, Diasporako eta munduan zeharreko hitzordu batzuen irudi eta erreferentzia, Parisekotik hasiz, hiriburu frantsesean, eguraldi txarra gorabehera—euripean egin zen—, hiru kilometro egin zituzten Pariseko korrikalariek, Sacre Coeur-tik Euskal Etxerainoko bidea osatuz (ikus bideoa, hemen).
Bruselan, Euskal Etxea deitzaile, euskaltzale talde batek bere ohiko deiarekin bildu zitzaion Korrikari martxoaren 9an, hiriko Warendepark-en. Bertako Royal Park-en dagoen musika kioskora bildu ziren euskaltzaleak Korrika egiteko, honako bideoak erakusten duen legez. Katalunian ere, Euskal Etxea antolatzaile, Korrika jendetsua antolatu zuten Bartzelonan, bazkari herrikoia, bazkaloste musikatua eta kontzertuak gauzatuz, baita omenaldi bat ere Martxelo Otamendiri. Argentinako La Platan, Euzko Etxeko lagunek, ibilbideari ekin ondorik, bertako parke batean hazten den euskal haritzaren ondoan irakurri zuten Korrikaren mezua.
La Plata
Montevideon, FIVU euskal etxeen federazioa eta Etxepare Euskal Institutuko Irakurletza izan ziren ibilbideko antolatzaile. Haize Hegoa Euskal Etxeko egoitzatik atera zen Korrika Uruguaiko hiriburuan, belaunaldi arteko ilusio, engaiamendu eta partaidetza ezaugarri.
Montrealen, Quebec-eko Euskaldunak euskal etxeak egindako deiak sasoi honetako ohiko hotzari egin behar izan zion aurre, baina kanpoko hotza euskal giro ederrez eta ilusio beroz epeldu zuten parte hartu zuten lagun korrikalariek.
Madrilen, 'Korrika Txulapoa' izenpean, hirian urtean zehar euskara landu eta irakasten duten erakundeek egin zuten deia (Cumplutense Unibertsitateko Euskal Ikasketetako Saila, 'Jesús Maestro' Hizkuntza Eskola Ofizialeko Euskara Saila eta Madrilgo Euskal Etxea) eta aurreko edizioan bezala Madrilgo Udalak ipinitako oztopoekin topatu ziren, honek baimena ukatu baitzion. Hala ere, eta ekitaldia urtean zehar daramaten lanaren emaitza eta agerpena delakoan, "Oztopo guztien gainetik" tipi-tapa tipi-tapa ibilbidea egin eta euren mezua pasarazi zuten (bideoa hemen).
Mexiko Hirian, egun osoko ekitaldia antolatu zuten euskal mexikarrek. Kartel guztietan, 'Harro Herri' leloa eta gaztelaniaz "Un pueblo orgulloso de su lengua" ipinita. Ez zitzaizkien atzean geratu Liman Euskal Etxeko lagunak, kasu honetan Maria Reich izan zela Korrika egiteko abiapuntu. Ondoren etorri ziren aurreskua, bazkaria eta abesbatzaren emanaldi eta festa. Habanan Etxepare Euskal Institutuak hiriburu kubatarrean duen irakurletzak ere bat egin zuen Korrikarekin, Lennon Parketik 'La Bombilla Verde' izeneko tabernarainoko ibilbidearekin.
Estatu Batuetako Salt Lake City-n Utah-ko Euskal Etxeko lagunek lepoko bereziak egin zituzten Sugarhouse Parkean antolatu zuten Korrikan erabiltzeko. Nevadako Renon, berriz, bertako euskal komunitateko hainbat kidek, tartean Nevadako Unibertsitateko Euskal Liburutegiko eta Euskal Ikasketa Zentruko, eta Zazpiak Bat Euskal Etxeko lagunek, Korrikaren eta euskararen aldeko ekitaldia egin zuten, Rancho San Rafael parkeko Euskal Artzainaren Monumentuaren inguruan Korrika txiki bat egin eta hamaiketako gustagarri batez gozatuz elkarrekin. Espainiako Valladoliden adin guztietako Korrikalariak hiriko Gure Txoko Euskal Etxeak antolatutako Korrikako partaide izan ziren.
Iritsi ahala joango gara gehitzen informazio eta irudi berriak. Galeria txiki bat ere erantsi dugu, heldu zaizkigun Korriketako argazki batzuekin: