euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Mundu guztia Alta Gracian' izeneko ikuskizunean aritu ziren Cordobatarrak-eko euskal dantzariak

2011/02/09

Cordoba Tarrak dantza taldeko kideak pozik erakustaldian jasotako txalo zaparradaren ostean (argazkia CordobaGureTxokoaEE)
Cordoba Tarrak dantza taldeko kideak pozik erakustaldian jasotako txalo zaparradaren ostean (argazkia CordobaGureTxokoaEE)

PUBLIZITATEA

Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxeko dantza taldeak Alta Gracia hiriko Gizataldeen Azokan parte hartu zuen joan den astean, euskaldunen emanaldia telebista nazionalak eskaini zuelarik. Azokak 'Todo el mundo en Alta Gracia' izenburua zuen eta aurtengo edizioak bisitari marka guztiak hautsi dituela adierazi dute bertaratu ziren euskaldunek: 30.000 lagundik gora izan ziren euskal taldeak parte hartu zuen gauan. Gure Txokoa elkarteko ordezkaritzarekin batera Rio Gallegoseko Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeko lagunak ere bertaratu ziren.

Alta Gracia, Argentina. Cordobatarrak dantza taldeak erakustaldia eman zuen Argentinako garrantzitsuenetakoa den Alta Graciako Gizataldeen Azokan. Aurtengo edizioak "Todo el Mundo en Alta Gracia” (Mundu guztia Alta Gracian) izenburua zuen eta otsailaren 1etik 6era egin zen, 'gau estra' batekin otsailaren 7an, astelehenean. Alta Gracian dantzari taldea eta Gure Txokoako ordezkaritza bat izan ziren eta eurekin batera Patagoniako Santa Cruz Probintziako hiriburuko 'Hegoalde Argentinarra' euskal etxeko lagun batzuk ere bai.

"30.000 ikuslek baino gehiagok" ikusi zuten Gure Txokoa-ko dantzariek azokako agertoki nagusian eman zuten gaueko erakustaldia, elkarteko arduradunek azaldu dutenez. Izan ere, gau hartan azokaren bisitarien markarik onenak hautsi zituzten. “¡Todo el Mundo en Alta Gracia!  aldarrikatzen duen jai hau Argentinako gizataldeen ekitaldirik nagusiena da", azpimarratu zuen Gure Txokoa-ko presidente Alejo Martinek.

Feria Colectividades Alta Gracia 2011 (4)

[Alta Graciako bigarren agertokian ere erakustaldia eskaini zuten Cordobatarrak taldeko dantzariek (argazkia CordobaGureTxokoaEE)]

Feria Colectividades Alta Gracia 2011 (2)

[Alejandro Lamayer, Jorge Mirinigo, Maite Luján, Valeria Corres, Analía Quiroga, Valentín Ferreira Yanzi, María Victoria Arizmendi eta Rosío Mehlhose dira aritu ziren Cordobatarrak taldeko kide eta lagunak (argazkia CordobaGureTxokoaEE)]


Feria Colectividades Alta Gracia 2011 (3)Agertoki nagusian egin zuten emanaldia Argentinako telebista publiko nazionalean izan zen zuzenean ikusgai. Ondoren, Gure Txokoa elkarteko dantzariek bigarren erakustaldi bat eskaini zuten, 2. agertokian, eta han ere txalo zaparrada jaso zuten.

“Ospea ematen digun ekitaldi bat da hau, eta honen bidez saritu egiten da gazte hauek euskal kulturaren baloreen zabalkundean egiten duten ahalegina. Gure elkartearen proiektuaren parte dira balore horiek", adierazi du aurkezpenaren harira Alejo Martinek.

Gure Txokoa-ko arduradunen esanetan, emanaldi hau ekimenez jositako urte baten hasiera baino ez da: "birak, euskara ikastaroak, erakusketak, euskal zinema zikloa eta euskal etxea handitzeko lanak" izango dira egitasmo horietariko batzuk. Elkarteak bisitariak hartzeko instalazioak gehituko dizkio egoitzari. [Ikusle marka guztiak hautsi zituzten euskal taldeak Alta Graciako azokan erakustaldia egin zueneko gauan (argazkia CordabaGureTxokoaEE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia