euskal diaspora eta kultura
2008/06/02
PUBLIZITATEA
Caracas, Venezuela. Hiriburu venezuelarretik Pedro Javier Arriaga bertako euskal etxeko lehendakariak azken asteotan Eusko Etxean egin dituzten ekitaldien berri ematen du, EuskalKultura.com-i etapa berrirako sostengua eskaintzearekin batera. Lehenik, iragan maiatzaren 24an, larunbatez, azken aldian Venezuelan den Eneko Etxeberria eta Miyuki Okabe senar-emazte euskal-brasildar-japoniarrek euskal egoitzan eskainitako 'Mundua Hurbiltzen' hitzaldia aipatzen du.
[Goiko irudian, Eneko Etxeberria eta Miyuki Okabe 'Mundua Hurbiltzen' hitzaldiko protagonistak]
Senarra gasteiztarra, emaztea japoniar arbasoko brasildarra, bikotea Gasteiztik atera zen munduari bira emateko asmoz hasitako bidaian. Hitzaldian Europa, Asia, Ozeania eta Amerikan zehar bizikletaz eginiko osterari buruz mintzatu zen argazki dotorez hornituta eta musika ere lagun. Berrogeita hamar pertsona ingururen aurrean, horietatik hemezortzi bat haurrak izanda, Etxeberriak euren proiektuaren helburua edo arrazoia azaldu zuen. Aipatu zuenez, hasiera bateko bidaia pertsonalaren asmoa Turkian amaitzea zen, baina tokiak, ohiturak eta jendea ezagutzen joan ahala, bidaia luzatzen joan zen. Munduko hainbat tokitako pertsonekin bizitako kontaktuek, munduko herritarra sentitzen lagundu diotela adierazi zuen.
[Bi bidaiariek Caracaseko Eusko Etxean emandako hitzaldia segitu zuten ikusleen irudia]
Caracaseko txokoko 'ezohiko kide' izendatuak
Eneko Etxeberriak eta Miyuki Okabek Venezuelari buruz ere hitz egiteko baliatu zuten momentua. Gutxi gorabehera milioi metro karratuko azalera duen Hego Amerikako lurraldean honetan egindako ibilbideaz, bikoteak, beste zenbait lekuen artean, honakoak deskribatu zituen: Sabana Handia, bere monumentu naturalekin eta Roraima mendi magikoarekin; Bolivar Hiria eta Orinoco harrigarria; Maracaibo eta Zulia, eguzkiaren lurralde maitatua; eta Merida, elurrez estalitako tontorrekin. Caracas eta bere historiari buruz ere hitz egin zuten protagonistek, azkenik Eusko Etxeari buruzko aipamenak eginez.
Hitzaldia amaitzerakoan bidaiariek euren bidaiari buruzko jakingarriak biltzen dituen disko bat oparitu zieten bertaratutakoei. Era berean, ikusleek txalo zaparrada baten bidez omendu zituzten protagonistak. Aldi berean, 'maitasun handiz' Paraisoko txokoko 'ezohiko kide' izendatu zituzten.
'Amatxuen Eguna'
Bestalde, Caracaseko Eusko Etxeak, hirugarren urtez jarraian, 'Amatxuen Eguna' ospatu zuen iragan maiatzaren 17an. Ospakizuna hasteko askaria prestatu zuten euskal etxeko areto nagusian, gazta eta zenbait zerriki, zukuak, freskagarriak eta ardoa eskainiz. Gotzon La Casak eginiko gozoki txokolate berodunak ere probatu ahal izan zituzten partaideek. Era berean, Maria Teresa Ballatorik Parchita eta limoizko produktuak aurkeztu zituen. Unai Azpiritxaga Caracaseko Euskal Etxeko lehendakariordeak azenario opila egin zuen, Javier Arriagaren esanetan "oso harrera ona jaso zuena omendutako amatxuen artean".
Ospakizuna amaitzeko antolatzaileek bingo bat programaratu zuten. Gidaritza Franck Perniaren eskutik etorri zen eta Unai Azpiritxagak ere bere laguntza polita eskaini zuen. Irabazle guztiek kikarak, platerak, liburuak eta Barrondo andereak ehundutako lapikoa heltzekoak jaso zituzten sari gisa. Aipatzekoa da jarduera honetan Ander Mendizabal gaztearen laguntza 'berezia'.
[Irudian, Ander Mendizabal gaztea bingoko arduradunei laguntzen]
[Franck Pernia eta Unai Azpiritxaga bingoan garaile ateratako bi emakumeekin batera (argazki multzoa Caracaseko Eusko Etxea)]
Lotura interesgarriak
Caracaseko Eusko Etxea
http://euskoetxeacaracas.blogspot.com
Valencia-Caraboboko Eusko Etxea
http://www.valenciakoeuskoetxea.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus