Donostia-San Sebastian. Ekitaldi polita joan den ostiralean Donostiako Heredad de Unanue Hotelean egin zutena, Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII. Mundu-Batzarraren bezperetan Renoko (Nevada, AEB) euskal erreferentearen bizitza eta euskal lekukotasuna bilduz. Ekitaldiak Diasporaren gaian interesatutako lagun koadrila polita bildu zuen, hogeita bost bat lagun, saioa egin zen aretoaren kapazidadea bera. Caminok Buffalo (Wyoming), Reno (Nevada) eta Estatu Batuetako euskal mundua izan zituen aipagai.
Entzuleen artean ere, Donostiako kultura munduan --egungoan eta Donostia-Reno hirien arteko senidetasuna finkatu zenean-- partaide eta protagonista izandakoak, Ipar eta Hego Ameriketako euskal gizataldeetako kideak, AEBetako Udalekuetako irakasleak, publiko interesatua besterik gabe, eta aste honetan Bilbon egingo den Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarrean gonbidatu edo ordezkari izango diren pertsonak.
Saioa euskaraz gauzatu zen gehienbat eta publikoak parte aktiboa izan zuen, galderak eginez eta baita zenbait kasutan eskarmentu propioa ere partekatuz, elkarrizketa eta iritzi-truke politean. Antolatzaileen izenean, Joseba Etxarrik opari txiki bat eta esker biziak eman zizkion Kate Caminori eskuzabalki bere partaidetza onartzeagatik eta baita bildu zen publikoari ere, bertaratu eta Diaspora bera kezka eta bilgarri ekitaldiko ekarle izateagatik.