Bilbo, Bizkaia. Mundu-Batzarra goizeko 9etan Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuta (hemen bere hitzak), atzoko bigarren ekitaldia Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII. Mundu-Batzar honetan, taldeka biltzea izan zen, hamar talde sorturik munduko Euskal Etxeen kezka diren gaiak aipatu eta mahaigaineratzeko. Hala aipatu ziren, esaterako, Diasporako delegatuen ordezkaritza Aholku.Batzordean eta euren zeregina, Zortzigarren Probintzia kontzeptuaren aldarrikapena, eskualde-bilerak, komnunikazioa eta informazioa Jaurlaritzarekin eta Euskal Etxeen artean, diaspora berria, eta Euskal Etxeen presentzia eta irismena gazteriari dagokionez.
Gaur ostegun goizean taldekako bilera gehiago etorriko dira, eta bertatik espero daiteke bildutakoek dagoeneko identifikatutako arazo horiei buruzko proposamenak eta soluziobide zehatzak mahaigaineratzea, euskal etxe batzuetan arrakatatsu gertatutako programa eta ekimenen ildotik edo bestela.
Atzo arratsaldez, Batzarraren gogoeta lan-saioei erantsitako bisita eta ekitaldi osagarrien arloan, batzarkideak Euskadiko Artxibo Historikora hurreratu ziren, Bilboko Maria Díez de Haro, 3 helbidean. Bertan, Jaurlaritzako Ondare zuzendari Mikel Aizpuruak errezibitu zituen, Gogora Institutuko Aintzane Ezenarro lagun, eta azaldu zizkien erakunde horren helburu eta zereginak, baita ere Gorka Alvarez Aranburu buru duen Zuzendaritzarekin batera Euskal Diasporaren Artxiboa osatze aldera garatzen ari diren proiektua, Diasporako materialak bildu eta gordez. Izan ere, atzoko ekitaldian bertan, Mundu-Batzarreko kide diren zenbait Euskal Etxek materiala eskuratu zioten han bertan Eusko Jaurlaritzari, sortu berria izanik Diasporaren memorioaren egiazko gordailu izan nahi duen Euskal Diasporaren Artxiboa eraikitzeko bidean.
Euskadiko Artxibo Historikoko zuzendari den Borja Aginagaldek berak gidatu zuen, Oscar Alvarez Gila historialariarekin batera, taldeka antolatuta, batzarkideek bertako instalazioetara egin zuten bisita, bai instituziora oro har zein lurpeko solairuetan behera Euskal Diasporaren Artxiboko lehenengo emariak gordetzeko hasia den atalera ere. Mikel Gomez Gastiasororen lanari zor zaizkio hastapen hauetan hilabete hauetako katalogazio eta taxuketa. EHUri lotutako "Euskal Herria, Europa eta Amerika: Atlantikoko esteka eta harremanak" taldeko kide da historialari gaztea.
Eguna bukatzeko, Mundu-Batzarreko kideak Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Euskalduna jauregian eskaini zuen kontzertuan hartu zuten parte, kontzertu berezi batean, izan ere Juan Sebastian Elkanoren mundu-biraren bostgarren mendeurrena ospatzen ari garen honetan, Mikel Chamizok eta beste bost euskal musikagilek Bilboko Koru Elkartea ere lagun duen proiekturako propio idatzitako musika-lanaz gozatu ahal izan baitzuten.