euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mundakatik Argentinara, Saladilloko inauterietako 'atorrek' eta 'lamiek' bertaratutako guztiak liluratu zituzten

2024/02/14

Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko konpartsaren partaideak “Teatro La Comedia”-ren zuzendari Esteban Urúsekin batera
Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko konpartsaren partaideak “Teatro La Comedia”-ren zuzendari Esteban Urúsekin batera

PUBLIZITATEA

Saladillo, Argentina. 2023an bezala, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko kideak parte hartzera gonbidatu dituzte otsailaren 11 eta 12an Mariano Acosta etorbide ospetsu eta zabalean ospatutako Saladilloko inauterietan. Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Giza Eskubideen Idazkariordetza antolatzaile, ehunka familia bildu dira aurten ere karrozek, murgek eta konpartsek eskainitako ikuskizunaz gozatzeko. Horien artean bereziki deigarria gertatu da beste behin Euskal Etxekoa, honakoan 'lamiak' eta 'atorrak' protagonista izan zituena.

Izan ere iazkoan Euskal Etxeko lagunek Lantzeko (Nafarroa) koloretsuekin plazaratu baziren, aurtengoan, berriz, Mundakako (Bizkaia) aratuste edo inauteri berezia hartu dute inspirazio. Ekitaldian parte hartu beha zutela baieztatu bezain laster, deialdia egin zuten tokiko komunikabideetan konpartsarako partaideak batzeko. “Hasieran jende dezente bildu zitzaigun, baina egunak aurrera joan ahala, gogoak behera egin zuen. Eta, nahiz eta herrialdeko egoera konplexua izan, azkenean aurrera egin ahal izan dugu eta Euskal Herriko kulturaren pusketa bat erakutsi ahal izan dugu”, azaldu dio gustura EuskalKultura-ri Itxaropeneko lehendakari eta konpartsako partaide Nora Idoetak.

Neguko zein udako tenperaturekin, txaloak eta algarak

 

Saladilloko Euskal Etxeko konpartsa Udaleko Giza Eskubideen eta Kultura Saileko zuzendari Noelia Catullorekin

Deialdiari erantzun ziotenen artean, herriko bokaziozko antzerki-taldeko zenbait kide aipa daitezke. Gainera, Esteban Urús artista eta Saladilloko "La Comedia" antzokiko zuzendariak makillatzaile lana egin zuen, axola bereziko lana aratuste bakiotarrean, izan ere konpartsako pertsonaien aurpegi margotuek garrantzi handia baitaukate funtzioan. Gizonezkoek, 'atorrek', erabat zuriz jantzirik, beren aurpegietan musika doinu eta bibote finak erakutsi zituzten. Eta emakumezkoek, 'lamiek', harrotasunez eta pozik jantzi zituzten euren tunika beltz luzeak, aurpegien eta artilezko ileordeen zuriarekin kontrastatuz, igandeko tenperatura 30 gradukoa izan arren. Astelehenean, ostera, 15 gradu gutxiagoko tenperaturarekin, dantzaz eta txaloez gustu handiagoaz gozatu ahal izan zuten.

Zorionak Itxaropeneko konpartsari!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia