euskal diaspora eta kultura
2013/07/08
PUBLIZITATEA
El Hoyo, Argentina. “Egun batean, herriko postetxera joan nintzen eskutitz batzuen bila. Hemen gutunak postetxera iristen dira zuzenean. Herria nekazal gunea denez, helbideak ez daude oso argi eta eguraldia dela eta postontziak ez dira oso erabilgarria. Egun hartan, postetxeko gizonak nire gutunak Euskal Herritik etortzen zirela ikusi zuenean ea euskara nekien galdetu zidan. Imagina ezazu nire sorpresa! Baietz esaterakoan “Maria Elena ezagutu behar duzu”, esan zidan. Esan eta egin; eta telefonoz aurkeztu zidan emakumea. Maria Elena Morras euskaldun ondorengoa da eta bere kabuz euskara ikasteko ahaleginak egiten eta inguruetako euskal sustraiak astintzen ibili da azkenengo urteotan euskal etxe edo antzerako zerbait sortu nahian.Telefonoz galdetu zidan ea klaseak eman ahal nizkion eta… tira, elkar ikusi genuenean bere ilusioak harrapatu ninduen. Eta ez nuen ezetza emateko aukerarik izan”.
Pasadizo honekin hasten du azaltzen Nuria Vilalta bilbotarra euskara klaseak nola antolatu ziren El Hoyo herrian. Hala ere, berak nahiago du ‘hizkuntza klaseak’ ez esatea, hizkuntza baino askoz gehiago konpartitzen baita elkarretaratzeetan. “Ez dira hizkuntza klaseak, hizkuntza eta euskal kulturari buruzko bilerak baizik. Bilerak deitzea erabaki genuen ikasleek eta irakasleak rolak finkoak ez izateko; azken finean denok ikasiko eta irakatsiko dugu, bakoitzak bere ‘background’etik asko eskaini ahal duelako” azaltzen du Nuriak.
Bileren antolaketa
“Bilerak oinarri oinarritik hasi ziren, Euskara eta Euskal Herria zer den azaltzen, alegia. Hiztegia, aditzak eta esamoldeak ikusi, entzun eta esaten ditugun bitartean Euskal Herria zer den, non dagoen eta bere ohiturak, kultura etabar ere ikusten dugu. Materiala leku askotatik eskuratzen dut; alde batetik, Euskaltzaleak-en On Line ikastaroa hartu dut eredu bilerak antolatzeko. Baina interneten dagoen hainbat materiala ere aztertu eta nahastu egiten dut, hala nola, HABErena, -Aisia, Bakarka- ariketak eta azalpenak prestatzeko. Horretaz gain duela gutxi FEVAk bidalitako kutxa bat heldu zait hiztegi, mapa, jolas eta HABEren ariketa diskoekin, berez hori ere erabiliko dut hemendik aurrera eta horregatik Gabriela Mendiari eskerrak eman nahi dizkiot. Eta Etxepare Institutuak interneten duen materialaz ere baliatzen gara. Ikusten duzunez, dena da ongietorria”.
“Ikasleei dagokienez, zazpi daude zerrendan, baina praktikan oraingoz bost joaten dira klasera. Bost horietatik, hiru argentinar euskaldun ondorengo, euskaldun jatorrizko bat eta portugaldar bat”, zehaztu du elkarretaratzeen arduradunak. Klaseak El Hoyo-ko Islas Malvinas Kultur Etxean ematen dira ostegunetan arratsaldeko 4etatik 6etara eta doakoak dira. Irakasleak kobratzen ez duenez, Kultur Etxean dohain uzten diote gela taldeari.
Euskal Herritik Patagoniara
Nuria Vilalta gazte bilbotarra zinemagilea da eta urte batzuk daramatza Argentinan. Izan ere, berea da 2012an estreinatu zen Euskal Diasporari buruzko ‘Guk’ dokumentala. Lan hori burutzeko hiru urte pasatu zituen zuzendariak Buenos Airesen. Iaz, ordea, eta bizi kalitate hobearen bila, hiriburua utzi eta El Hoyo herrian kokatzea erabaki zuten neskak eta Marco bere bikotekideak. Patagoniara mugitu eta denbora gutxian Sophia Lur alabatxoa jaio zen, beraz oso garrantzitsua da ama berriarentzat giro euskalduna sortzea bere alabatxoari hori ere transmititu ahal izateko “Oso ona da niretzat ere guzti hau. Alabari euskaraz aritzea ez da erraza hizkuntza beste norbaitekin erabili ezin duzunean… Kideen entusiasmoa ikusita bilerak gogotsu prestatzen ditut eta hasieran neukan beldurra –gogoratu ni ez naizela euskara irakaslea, euskal hiztuna baizik- galdu dut. Eta apurka apurka hitzen jatorriaz, euskalkiak, koloreen idiosinkrasiak eta gastronomia errezetak ere dastatuko ditugu!”.
animo eta aurrera Nuria, hori ba dela Euskara mundu zakonera eramatea!!Muxuek
Maite, 2013/07/10 10:18
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus