euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mozorroz eta akelarre testuinguruan ospatu zuten Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxean San Juan gaua

2007/07/11

Txano eta erratzen artean gaua eman zuten Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxera hurbildu zirenek
Txano eta erratzen artean gaua eman zuten Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxera hurbildu zirenek

PUBLIZITATEA

Surik izeki ez zuten arren, musikak, janariak eta irudimenak ehun bat lagun bildu zituen Buenos Aireseko Iparraldeko Etxean akelarrearen inguruan. Guztia goitik behera oihal ilun, puxika beltz eta paperezko sagu zahar eta Aker erraldoi batekin apaindu zuten. Hau gutxi balitz, zurrakapote izeneko edabe 'magiko' bat ere banatu zuten bertaratutako sorgin eta aztien artean. Ikusitakoak ikusirik, inor ez dadila harritu Buenos Aireseko zeru goietan sorginen bat irrintzika ikusten badu.
Juan Carlos Ibarrolak eta Norma Riosek Iparraldeko Euskal Etxea gogoz apaindu zuten, jakin bazekitelako ordu gutxiren buruan, 100 lagun baino gehiago akelarrean murgiltzeko gogoz ailegatuko zirela. Puxika eta oihal ilunen artean Aker erraldoi bat ikus zitekeen, bi metroko zabalera eta beste bi metroko luzera zuena. Akerraren itzalean, beltzez jantzitako lagunek pintxo koloretsuak eta Cristina Cordarak prestatutako babarrun platerkada ederra hartu zuten. 2000 urtean San Juan gaua ospatzen hasi ziren eta ordutik, gero eta indar handiagoa hartzen ari da.

Afariak aurrera egin ahala jendea girotuz joan zen eta gauerdia baino pixka bat lehenago, bestaren zeremonia-maisuak, Martín Jacak, jolasei hasiera eman zien. Sokatirak, Kontrabandisten Lasterketak eta Lokotxek izerditan jarri zituzten bildutakoak. Horrela aurre egiten diote Argentinako negu hotzari sorgin eta aztiek. Berotze lanak egin ondoren, Jaca jaunak bildutako guztiak dantzan jarri zituen Zazpi Jauziak, Txapeloas, Borobila eta Courinta dantzen ikastaro trinko batekin.

Azpimarratu beharra dago, zenbait gonbidatu berezi hurbildu zirela San Juan gaua ospatzera: Mikel Ezkerro Iparraldeko Euskal Etxeko bazkide eta laguna, Panamako Ibai Guren eta Urrundik Euskal Etxetako ordezkariak, Chascomus, Gral. Villegas eta Buenos Aireseko Euskal Etxeko ordezkariak ere bertaratu ziren. Eta Euskal Herritik iritsi berri ziren pare bat sorgin eta aztik ere, Argentinako San Juan gauaz gozatu nahi izan zuten.


Lotura interesgarriak

Euskal elastiko argentinarrak salgai
www.BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 29an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia