euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mozilla sare-ibilgailuaren azken bertsioa, Firefox 1.5, euskaraz eta erabat doan eskuratu daiteke interneten

2006/01/12

PUBLIZITATEA

Munduan gehien erabiltzen den sare-ibilgailua Microsoft enpresaren Internet Explorer bada ere, gero eta gehiago dira software libreak -doakoak- garatu eta erabiltzen dituzten internautak. Horien artean garrantzitsuena eta Exploreri konpetentzia egiten hasia dena Mozilla sare-ibilgailua da. Azkarra eta segurua da eta spywareari, zizareei eta birusei atea itxi egiten dizkie. Gainera bere azken bertsioa, Firefox 1.5, euskaraz ere aurkeztu berri dute, www.librezale.org lantaldearen irekiaren eskutik.
Mozillak joan den azaroan plazaratu zuen Firefox 1.5 eta egun gutxiren buruan www.librezale.org lantalde irekiak sarean jarri zuen programaren euskarazko bertsioa. Mozilla sare-ibilgailua bezala, azken bertsio hau ere doakoa da eta librezale.org-eko webgunean bertan deskargatu daiteke, edo Mozilla beraren atarian. 'Beste edozein web nabigatzaile baino arinago, ziurrago eta eraginkorragoa da Firefox', www.librezale.org-ekoen hitzetan.

Firefox 1.5-ek lanerako leiho intuitiboa dauka eta, beste abantaila batzuen artean, birusak, spywarea eta popup iragarkiak blokeatzen ditu. Gainera, erabiltzaile bakoitzak bere laster-marka gogokoenak, ezarpenak eta pasahitzak erraz inporta ditzake bere ohiko beste sare-ibilgailuetatik Firefoxera, horretarako aukera errazten baitu Mozillaren arakatzaileak.

Beste abantailetako bat fitxa bidezko nabigazioa da. Sare-ibilgailuaren leiho berean hainbat web orrialde batera irekita edukitzeko aukera eskaintzen baitu Firefoxek fitxak erabiliz, amaraunean batetik bestera azkarrago eta erosoago mugitzeko aukera zabalduz. Datu pribatuak garbitzeko aukera ematen du, eta sare-arakatzailea pertsonalizatzea ere errazten du.

Firefox amaraunean ia erabateko nagusitasuna izan duen Microsoften Internet Explorer sare-ibilgailuari gero eta konpetentzia zabalagoa egiten ari zaiola esan daiteke. Mundu osoan zehar 100 milioi deskarga baino gehiago izan dituen produktua da Firefox, eta 1.5 azken bertsio honekin deskarga kopurua areagotzea espero dute bere sortzaile eta bultzatzaileek.

Windows, Mac zein Linux sistemak darabilzkiten ordenagailu jabeek eskura dezakete Firefox 1.5, hiru sistema eragile horietara moldatutako bertsioak eskaintzen baitira. Hain zuzen ere, Red Hat Linux 7.0 edo berriagoa, Mac OS X 10.1.x, 10.2.x edo berriagoa eta Windows 98 edo berriagoa izatea da beharrezkoa, kasu bakoitzean.


Lotura interesgarriak

Mozilla deskargatzeko aukera bat
Librezale.org webgunean

Edo Mozillaren webgunean
www.mozilla.org

Makinek euskarazko ahotsa ezagutzeko sistema garatu dute
Euskalkultura.comen argitaratua, 2005eko ekainaren 22an

Blogak egiteko WordPress izeneko softwarea euskaratu dute
Euskalkultura.com-en argitaratua, 2005eko ekainaren 9an

Xuxen euskal zuzentzaile ortografikoa online kontsulta daiteke
Euskalkultura.com-en argitaratua, 2005eko maiatzaren 6an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia