Eskualdunak elkarteak bere urteroko Euskal Festa ospatu zuen iragan irailaren 20an, eta ehun lagundik gora bildu ziren bertara, giro ezinhobeaz gozatzeko prest. Elkarteko partaide gehienak Euskal Herritik bertatik --Zuberoa eta Nafarroa Beheretik bereziki-- Montpellierrera bizitzera joandako euskaldunak dira, elkarteko iturriek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez.
Montpellier, Frantzia. Giro ederrean ospatu zuten 2015eko Euskal Jaia Montpellier-eko Eskualdunak elkarteko kideek, 120 bat lagun bildu zituen festarekin. Zuriz eta gorriz jantzita agertu ziren festara elkarteko bazkide eta gonbidatuak, eta egun ederraz gozatu zuten. Elkarteak 1983tik goiti antolatzen du festa hau eta Eskualdunak-en urteko hitzordu nagusienetakoa da.
Eguna goizeko hamaiketan hasi zen, meza batekin, aita Mounho emaile. Ondotik, aperitifa zerbitzatu zen kanpoan, eta bestalariak dantzan aritu ziren, mutxiko, fandango eta kantuak lagun. Ondoren, elkarteko areto nagusian bazkaria egin zen eta bazkalostean dantzaldia, Euskal Herritik etorritako Jean Louis Bergara musikariak alaitua.
Elkartearen webgunea, hemen.