euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montpellier: Musika, dantza, kantua, pilota, kirolak... Eskualdunak-en 20. urteurreneko Bestan, larunbat-igandez

2023/09/21

Montpellier-ko Eskualdunak Euskal Etxeak bere 20. urteurrena ospatuko du datorren asteburuan
Montpellier-ko Eskualdunak Euskal Etxeak bere 20. urteurrena ospatuko du datorren asteburuan

PUBLIZITATEA

Clapiers-Montpellier, Frantzia. Montpellier eta inguruko Eskualdunak Elkartea 2003an sortu zeneko 20 urte bete ditu aurten eta datorren asteburuan ospatuko du: larunbatean, aire zabalean egingo duen festa batekin, guziei irekia, Clapiers-eko Claude-Leenhardt parkean; eta igandean, urtebetetze-bazkari batekin, urteroko bere Euskal Bestarekin bat, hau edertzeko etorriko direla musikariak, dantzariak, kantari eta artistak, batzuk Euskal Herritik eta beste batzuk auzo euskal etxeetatik. Aipa daitezke, konparazio, Larresoro eta Lapurditik etorriko diren Jean-Louis Bergara eta Beñat Chaubadindeguy, Henddaiatik jinen den Kantu gizon abesbatza, eta Tolosako Denak Bat Euskal Etxeko dantzariak, besteak beste mutxikoak dantzatzeko.

Larunbatak doanikoa izango du bere programa osoa eta arratsaldeko lauetatik gaueko bederatziak arte luzatuko ditu jarduerak, aire zabalean, Clapieres-ko Claude-Leenhardt parkean. Proposamenen artean egongo dira euskal kantu eta dantzak, sokatira, Txlaparta erakustaldi bat, haurrentzako frontoi mugikor bat, haur joko eta joalasak... Bazkaria partekatua izango da. Parte hartzeko asmoa izan dezaketenei eskatzen zaie lehenbailehen adieraztea antolatzaileei 34eskualdunak@gmail.com helbidera idatziz zenbat etorriko diren adieraziz, guztia aurreikuspen egokiak egin eta arretarik egokiena eskaintzearren.

Igandean 20 urteurreneko bazkari handia

Igandean, azkenik, programa goizeko 11:30ak aldera hasiko da, Clapiers-eko Jean-Louis Barrault Aretoan, aperitifarekin, hemen ere musika eta dantzatzeko euskal musika eta dantza tradizionala, kantu herrikoia eta herri bazkaria (eman hemen izena, helduak 36 euro, 12 urte arteko haurrak 13 euro), eta ondoren gelditu gabe, musika, dantza eta kantu gehiago. Guztia Euskal Herriko mendialdeko hainbat herri eta auzotako molde tradizionalenean. Mutxikoak eta euskal aire tradizionalak jotzen Jean-Louis Bergara eta Beñat Chaubadindeguy ibiliko dira, eskarmentu handikoak honelakoetan, ez bakarrik Euskal Herrian eta Montpellier bertako Euskal Bestetan, hiru kontinentetako euskal festa askotan ere baizik, musikari ezagunak baitira St Pierre eta Mikelune, Kalifornia edo Argentinakoetatik hasi eta Kaledonia Berriko Noumeakoetaraino, Frantzia osoko hainbat euskal festetan barrena.

Zorionak eta ederki pasa, hurrengo 20 urteen bila!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia