Urte ia amaitzear dela, oraindik ere ari zaizkigu heltzen Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunetako argazkiak. Azken zakukada honetan bildu ditugu Txileko Santiagoko "Colectividad Vasca" elkarteak egin zuen festakoak eta Montevideoko Aldaxka euskal elkartearen ospakizunekoak; azken hauek hiriko kaleetan ibili ziren euskararen berri ematen Montevideoko hiritarrei.
Donostia-San Sebastian. Txileko Santiagoko Colectividad Vasca elkarteak abenduaren 1ean ospatu zuen Euskararen Eguna, musika, dantza eta euskara uztartu zituen ekitaldi batekin. Elkarteko dantza taldeak eta koruak izan ziren eguneko protagonistetako batzuk, eta kontzertu/erakustaldi ederra eskaini zuten. Horrez gain, elkarteak HABErekin euskara irakasteko duen hitzarmena berritu zuen. HABEren ordezkari Euskara Munduan programako koordinadorea izan zen bertan, Kinku Zinkunegi. Elkartearen partetik, Rossan Arzak presidentak sinatu zuen lankidetza agiria.
Montevideon, aldiz, Aldaxka Kultur Biltzarrak abenduaren 3an ospatu zuen Euskararen Eguna eta bazkideak hiriko kaleetan barrna ibili ziren, bertakoei euskararen berri emanez. Elkarteko kideen esanetan, ekimenaren helburua zera zen: jendeari eskuan mezua ematea, aurrez aurre, eurekin hitz egin eta euskararen berri emateko. Gauean afaria egin zuten eta bertan euskal kantuak abestu zituzten gazte zein nagusiek, kantutegi bat lagun.