euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideoko Haize Hegoak “Urrutiko Lurretako zaporeak” Sukaldaritza zikloan hartu zuen parte

2016/07/08

Euskal erakusketa “Urrutiko Lurretako zaporeak, bestelako kulturetara hurbiltzea” zikloaren baitan
Euskal erakusketa “Urrutiko Lurretako zaporeak, bestelako kulturetara hurbiltzea” zikloaren baitan

PUBLIZITATEA

“Urrutiko Lurretako zaporeak, bestelako kulturetara hurbiltzea” izeneko zikloa Uruguaiko hiriburuko Al pie de la Muralla izeneko Museo eta Kultur Gunean egin zen, kanpoko gizataldeek euren ohiturak eta batez ere gastronomia zabaltzeko asmoarekin. Haize Hegoa Euskal Etxeak euskal plater, jantzi tipiko, musika eta dantzak aurkeztu zituen.

Montevideo, Uruguai. “Urrutiko Lurretako zaporeak, bestelako kulturetara hurbiltzea” sukaldaritza zikloaren lehenengo edizioa ekainaren 16tik 21era egin zen Montevideoko ‘Al pie de la Muralla’ Museo eta Kultur Gunean. “Idas y Vueltas” izeneko Etorkinen senide eta lagunen Elkarteak gonbidaturik, Haize Hegoa Euskal Etxeak euskal kulturaren erakusketa bat eskaini zion komunitateari.

Inaugurazio egunean, ehun bat lagun bildu ziren Euskal Etxeak prestatutako bilduma ikusteko. Museoaren aretoan Euskal Herriko hainbat ikur, altzari, musika tresna eta jantzi tipiko jarri zituzten ikusgai euskal etxeko lagunek.  

Zikloaren irekitze ekitaldian, gainera, euskal plater tipikoen dastaketa eskaini zitzaien gonbidatuei. Erakusketa honetarako tortilla-pintxoa, arraina, txistorra, esne-torradak eta arrozesnea prestatu zituzten etxeko sukaldariek. Dastatzeaz gain, euskal sukaldaritzari buruzko eta oro har Euskal Herriari buruzko informazioa eskaini zitzaien bisitariei.

Dantzak ez ziren kanpoan geratu eta Eusko Indarra taldeko kideek dantza batzuk oparitu zizkioten publikoari, tartean ‘Aurresku’. Publikoa ere ausartu zen euskal dantza batzuekin, Euskal Etxeko gazteek gonbidaturik eta Leonel Aguirreren zuzeneko musikarekin.

Haize Hegoa Euskal Etxetik EuskalKultura.com-i adierazi diotenez, “harrera paregabea izan zuen gure proposamenak, eta gau ederra izan zen inaugurazioarena". "Horretaz aparte, oso aukera interesgarria izan zen Euskal Etxearentzat, astean zehar publiko orokorraz gain hiriko eskoletako ikasleek ere bisitatu zutelako erakusketa”.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia