euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideoko Haize Hegoak 'Omenaldiak' izeneko sail bat hasi du Julián Murguía euskal uruguaiarra gomutatuz

2007/07/17

Haize Hegoak Julián Murguía euskal-uruguaiarrari eskaini dio 'Homenajes-Omenaldiak'eko lehenengoa
Haize Hegoak Julián Murguía euskal-uruguaiarrari eskaini dio 'Homenajes-Omenaldiak'eko lehenengoa

PUBLIZITATEA

Haize Hegoa, Euskal Kultura Ikertu eta Hedatzeko Ikasketxe Uruguaiarrak omenaldia prestatu dio gaur Montevideon Julián Murguía injineru eta idazle izan zenari, besteak beste Alfredo Zitarrosa eta Tabaré Etcheverry bezalako izen handiek musikatu zituzten testuen egilea berau. Gaur plazaratuko duen CDa ere ekoitzi du elkarte euskaltzaleak Julián Murguíaren ohoretan. Ekitaldian José María Obaldía ministroa, Washington Benavides eta Heber Raviolo arituko dira, baita Elena Zuasti antzezlea ere. Izan ere azken honek irakurriko du 'Los Vascos' Murguíaren ipuina eta beste testu batzuk. Ekitaldi honekin abiatuko du Haize Hegoak 'Homenajes-Omenaldiak' bataiatu duen bere ekimen berria, Uruguain euskal kultura zabaltzen lagundu duten euskal uruguaiarrak gomutatu nahi dituen ekimena.
Haize Hegoa elkarteak gaur asteartez, gaueko zortzietatik aurrera ekingo dio Omenaldiari Montevideoko Lege Jauregian eta ekitaldi berean ipiniko du salgai gaurko hitzordu eta ohoratzea etengabe berrituko dituen CDa: 'Homenajes-Omenaldiak' izenburupean hainbat jende 'publikoki omendu' eta 'hemen Uruguain euskal kulturaren lekukotasuna eman eta geure kultura hori hedatzen lan egiten duten euskal-uruguaiarrak goraipatu eta heien lana geure artera berriz ekarri eta zabaltzeko ahalegina' egin nahi duen ekimena.

[Murguíari eskainitako CDaren azala eta kontrazala. Berarekin abiatu du Haize Hegoak 'Homenajes-Omenaldiak' izeneko ekimen berria]

Julián Murguía nekazaritza injinerua, erro euskalduneko uruguaiarra, idazle polita izan zen eta 'Martín Ardúa' ezizenaz Alfredo Zitarrosa eta Tabaré Etcheverryren mailako pertsonaiek musikatu zituzten testuen egile da. Liburuak ere idatzi zituen, hala nola 'Gautxoen herriko ipuinak' delakoa, geure baserritarren usadio eta ohiturak azalduz eta geure immigranteak aipatuz, gaur egun oinarrizko eskoletan testu liburu gisa erabiltzen den liburua; edota 'Beste ertzetiko ipuinak', exilioan bizi izandakoak bilduz, azaltzen dute Haize Hegoatik.

Omenaldian, José María Obaldía ministroa mintzatuko da eta baita ere Washington Benavides eta Heber Raviolo, eta parte hartuko du baita ere Elena Zuasti antzezleak. Azken honek irakurriko du Murguíaren 'Los Vascos' ipuina. Ricardo Fernández Mas kantautoreak, bere aldetik, 'El vasquito arachán' izeneko bere lana aurkeztuko du, omenduari eskainia, Picassoren 'Guernica'-n oinarritutako 'Haize Hegoa' (sic) musika lanarekin batera.

[CD berria erosi nahi dutenek aski dute hona idaztea]


Lotura interesgarriak

FIVUk antolatutako III. Eusko Jaia, Carmelon
2007ko maiatzaren 7an BasqueHeritage-n argitara emana

Montevideok Gernikako bonbardaketaren 70. urtemuga gogoan
2007ko maiatzaren 3an BasqueHeritage-n argitara emana

HABEk Uruguain euskara eskolak emateko akordioak berritu ditu
2007ko urtarrilaren 22an EuskalKultura.com-ek argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia