Montevideo, Uruguai. Astebete pasexe falta da Gabonetarako eta Uruguaiko hiriburuko Haize Hegoa Euskal Etxea urteko azkeneko ekitaldiekin ari da. Urtean egin dituen jarduera guztiak bezala egunotan gauzatzen ari den azken bi proposamenak ere birtualak eta biek Maite Bengoa izango dure aurkezle eta hizlari. Datorren ostiral honetan, abenduaren 18an, Euskal Sukaldaritza Tailerra eskainiko du Elkarteko lehendakariak; eta abenduaren 22an, berriz, Olentzerori buruzko hitzaldi bat.
Euskal Etxe montevideotar honek bozkarioz eman du aditzera aurten 25. ediziora iritsi dela klasikoa bilakatua den euren urteroko Haur eta Nerabeentzako Gabonetako Postalen Lehiaketa, eta azken momentuko aldaketa batzuk gorabehera, pandemia kari, arrakastaz burutu dutela.
Haize Hegoatik, elkarteko erreferente Mariel Fernández Artasanchezek azaldu dionez EuskalKultura.eus-i, “Hasierako asmoa zen gure egoitzan egitea baina osasun egoeragatik ez genuen aukera izan eta beraz hiru zatitan antolatzea erabaki genuen; pintatzeko materialak eraman genizkien neska-mutilei etxera; Zoom plataforman eman zien Maite Bengoak Eguberriei buruzko hitzaldia –irudiak Maitek azaldutako Gabonetako ohituretan oinarritu behar zituztelako– eta arratsaldean berriro ere joan ginen neska-mutilen etxeetara, baina askoren sorpresarako, oraingo bisita honetan gure lagun kuttun batekin: Olentzerorekin”.
Beti ere osasun neurriak betez, azpimarratzen digute, opariak ez ezik, meriendak ere banatu zituen Olentzerok. Lehiaketa berezi honetan parte hartzaile guztiek jaso zuten oparitxo bat. Urtero bezala, umeek egindako postalak bazkide eta lagunei Gabonetako agurrak adierazteko erabiliko ditu Euskal Etxeak.
Argazki gehiago, hemen.