euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideoko Haize Hegoak euskaldunen lekukotasuna eraman zuen Uruguaiko Nekazal Azoka nagusira

2007/09/21

Haize Hegoaren standa gobernatu zuten bolondres gazteak standaren aurrean (argazkia Haize Hegoa)
Haize Hegoaren standa gobernatu zuten bolondres gazteak standaren aurrean (argazkia Haize Hegoa)

PUBLIZITATEA

Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxea pozik agertu da Uruguaiko Nekazaritza Azokaren 102. edizioan egin duen paperarekin. Azoka irailaren 5etik 16ra izan zen eta ia 400.000 lagunek bisitatu zuten. Haize Hegoaren standean Euskal Herriko kultura eta historiari buruzko informazioa eta Uruguaiko abizen eta deitura euskaldunen berri eman zuten. 350 lagunek euren datuak utzi zituzten informazio gehiago jasotzeko.
Uruguaiko Nekazaritza Erakusketa herrialde honetako azoka garrantzitsuenetako da eta 102. edizioa bete du aurten. Antolatzailea A.R.U. (Asociación Rural del Uruguay) elkartea da, duela 126 urte Domingo Ordoñana euskal jatorriko presidenteak sortua. Elkartean eta azokan euskal jatorridun kide asko aritu izan dira beti eta Haize Hegoak ondare hori gogoratu nahi izan zuen aurtengo edizioan parte hartuz.

Elkarteak 'euskal kultura ezagutu nahi zutenei lehio bat ireki' nahi izan zien, Enrique Poittevin Haize Hegoako presidenteak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Standean elkarteko kideek 'arbasoen lurrari buruzko informazioa' eskaini zuten, euskal hizkuntza, kultura, ohiturak, musika, egunerokotasuna, modernitatea... eta antzeko gaiei buruzko galderei erantzunez.

Euskal aztarna Uruguaien

Haize Hegoaren standean landu zuten beste alderdi bat euskaldunek Uruguaien utzitako aztarna izan zen. Euskal emigranteek herri honetako nezakaritzan eta abeltzantzan zeresan handia izana dute eta egundaino, arlo honetako enpresa eta langile asko euskal abizenen jabe dira. Azokara etortzea, multzo horretako uruguaiarrekin harremanetan jartzeko aukera izan zen.

[Goiko irudian, ezkerretik eskubira eta goitik behera: bisitariak euskal standean; euskal etxeko kideak standean lanean; standaren kanpo aldea eta azokako irudi bat (argazkiak Haize Hegoa)]

Euskal jatorrien aurkikuntza

Standa euskal komunitatearen topaleku bihurtu zen. 'Bisitari askok bazekiten euren abizenak euskal jatorria zuela, edo susmatu egiten zuten. Beste batzuek euren sustraiak aurkitu nahi zituzten. Batzuk, abizenak armarririk ote zuen. Beste batzuk guraso eta aiton-amonek erakutsi zietenari buruzko zertxobait gehiago jakin nahiean zetozen', azaldu du Poittevinek.

Standeko mapetan arbasoen jatorrizko herriak bilatu 'eta aurkitu' ahal izan zituzten. 'Euskal Herrian izandakoek euren esperientziaren berri eman ziguten. Eta familiaren historia ezagutzen zutenek harro-harro kontatu ziguten', azaltzen du Poittevinek. Azkenean 350 bisitarik euren datuak utzi zituzten euskal kulturaz eta gure egitarauez informazio gehiago jaso ahal izateko.

Standaren ardura Haize Hegoako neska-mutil talde batek izan zuen eta azokak iraun zituen 11 egunetan jo eta su aritu ziren, 9etatik 21etara bitartean lanean. Standean gainera euskal etxeko kideek eginiko artisau lanak eta txapelak, zapiak, txapak eta diskoak saldu zituzten, besteak beste.


Lotura interesgarriak

Julian Murguiari omenaldia Haize Hegoan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 17an

III Eusko Jaia FIVUk antolatuta Carmelon, Uruguaien
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 7an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia