euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideoko Haize Hegoa elkarteak Jose Bergamin poetari omenaldia egin zion bere heriotzaren 25. urteurrenean

2008/11/11

Mintzaldian parte hartu zuten hizlariak (argazkia Haize Hegoa)
Mintzaldian parte hartu zuten hizlariak (argazkia Haize Hegoa)

PUBLIZITATEA

Montevideoko Haize Hegoa elkarteak Jose Bergamin poeta eta antzerkigilearen omenezko ekitaldia egin zuen joan den ostegunean, azaroaren 6ean, 'errepublikar meneraezin' eta euskaldunen lagun handi honen ekarpena gogoratuz. Bergamin Uruguaien erbesteratuta egon zen bi aldiz eta lagun eta jarraitzaile asko utzi zituen. Ekitaldian hizlari Alicia Cagnasso, ”El exilio de José Bergamín en Uruguay” liburuaren egilea; Rezo Pi Hugarte, antropologoa, Bergaminen ikasle eta laguna izandakoa, eta José Félix Azurmendi kazetaria, Nazioarteko Eitb-ren zuzendaria izan ziren. 'Zirraraz eta pasadizo alaiez beteriko ekitaldia izan da', horrela laburtu zuen mintzaldia Haize Hegoako presidente Enrique Poittevinek.

Montevideo, Uruguai.  Joan den ostegunean, azaroaren 6an, Montevideoko Liburutegi Nazionalean egindako ekitaldian, Haize Hegoa Euskal Etxeak Jose Bergamin poeta gogoratu zuen, bere heriotzaren 25 urte betetzen zirela aitzaki hartuta. 'Errepublikar menderaezina, katoliko praktikantea --frankismoko elizak eskumikatu egin zuen-- idazlea, poeta, antzerkigilea... Jose Bergamin erbestearen bideetatik heldu zen gure herrira', gogoratzen du EuskalKultura.com-entzat  Haize Hegoako presidente Enrique Poittevinek.

Uruguaiko egonaldian Bergaminek arrastoa utzi zuen hezkuntza arloan eta baita Uruguaiko idazle eta sortzaileen artean. 'Espainiar literatura katedra bat aurrera atera zuen gure Unibertsitate nagusiko Gizarte Zientzia eta Hezkuntza Fakultatean. Jarraitzaile asko bildu zituen, eta baita aurkari batzuk ere', aipatzen du Poittevinek. 'Orduan ikasle izan zituenetako asko gaur egun kazetari, politikari, zentzuzko idazle eta aktoreak dira'.

Jose Bergamini omenaldia

[Hizlariak Haize Hegoak antolatu zuen ekitaldiaren une batean (argazkia Haize HegoaEE)]

Haize Hegoak antolatutako ekitaldiak Uruguain zein Euskal Herrian egin zituen lagun horietako batzuen partaidetza bildu zuen. Hizlari izan ziren Alicia Cagnasso, El exilio de José Bergamín en Uruguay (Jose Bergaminen erbestea Uruguain) liburuaren egilekidea, Rezo Pi Hugarte, antropologoa, Bergaminen ikasle eta solaskidea, eta Jose Felix Azurmendi, kazetaria eta Nazioarteko EiTBko zuzendaria, Bergamin haren bizitzaren azkeneko urteetan ezagutu zuena.

Ekitaldian aipatu zutenez, 'Bergaminen garai zoriontsuenetakoa' izan omen zen Uruguaiko egonaldi hau, bi tartetan bizi izan zelarik herrialde honetan. Madrilera, bere jaioterrira, bueltatu zenean, ez zuen bere lekua aurkitu transizioan murgilduta zegoen Espainian, eta berriz ere erbesteratu egin zen, oraingoan Euskal Herrira. Hondarribian hil zen 1983ko abuztuaren 28an'.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia