euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideoko Eusko Indarrak 400 ikusle bildu zituen 30. urteurreneko bere ikuskizunera

2012/10/24

'Zapatain' dantzaren emanaldiaren une bat, ikurrina eta Uruguaiko banderaren aurrean (argazkia Eusko Indarra)
'Zapatain' dantzaren emanaldiaren une bat, ikurrina eta Uruguaiko banderaren aurrean (argazkia Eusko Indarra)

PUBLIZITATEA

Eusko Indarra dantza talde euskal uruguaitarrak 30 urte bete ditu aurten eta urteurrena ospatzeko ikuskizun berezia eskaini zuen iragan urriaren 17an Montevideoko antzoki batean. Nahiz eta asteazkena izan, ikusle andana hurbildu zen bertara --400 lagundik gora-- Eusko Indarraren dantza erakustaldiaz gozatzeko. Taulagainean 56 dantzari aritu ziren, adin guztietakoak; eta Txindurri folk talde euskal-uruguaitarrak jarri zuen zuzeneko musika.

Montevideo, Uruguai. Movie Center Antzokia hartu zuen iragan urriaren 17an Montevideoko Eusko Indarra dantza taldearen 30. urteurreneko ospakizunak. Hitzorduak erantzun bikaina izan zuen eta 400 lagundik gora bildu ziren bertara, taldeko dantzarien erakustaldiarekin eta eguneko emozioarekin gozatzeko prest.

1982ko urriaren 12an sortu zen Eusko Indarra, eta Maite Bengoa zuzendariak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, sortzaileek ezin zuten orduan batere asmatu taldeak izango zuen ibilbide luze eta oparoa: "Ez genuen hainbeste pentsatzen, gure asmoa elkarri euskal dantzak irakastea zen, gure gizataldeko gazteak biltzeko asmoarekin. Hortik euskal etxe berri bat sortu zen, Haize Hegoa, estatutu berriekin, eta hor garrantzitsuena euskal kultura zabaltzea zen, lanarekin eta eginahalarekin, eta bazkideek eskubide berdinak izatea".

Montevideo Eusko Indarra 30 años (4)

[Aurreskuarekin hasi zen Eusko Indarraren ikuskizuna (argazkia Eusko Indarra)]

Montevideo Eusko Indarra 30 años (3)

[Adin guztietako dantzariak aritu ziren taulagainean: 5 urtetik hasi eta 60 urtetik gorakoetara (argazkia Eusko Indarra)]

Harrera gogotsua

Ikuskizunean ibilbide luze honetan ikasi eta landutako dantza sorta zabala erakutsi zuen taldeak, hala nola, Aurresku, Jaurrieta, Zinta dantza, Zapatain dantza, Uztai handiak, Otsagi dantza, Arrosen balsa, Maitena... Emanaldiko zuzendari izan ziren Maite Bengoa, Mariel Fernandez eta Karina Fernandez eta Txindurri taldeak jarri zuen zuzeneko musika. Jantzien ardura izan zuten Laura Ferreirak, Ines Sarrautek, Ana Auletek eta Marianela Falerok; eta diseinua Edurne Poittevinek, Andrea Bellak eta  Manuela Poittevinek burutu zuten.

Montevideo Eusko Indarra 30 años (2)

[Dantza eta jantzi barietateari esker ikuskizuna aberatsa eta kolorez betea izan zen (argazkia Eusko Indarra)]

"Lagun eta senitartekoen harrera sutsua izan zen eta beste dantza talde eta gizataldeen ordezkarien iruzkinak ere onak izan ziren. Gure dantza mundua ezagutzen ez duenarentzat ikuskizun interesgarria eta aberatsa eskaini genuen sentsazioarekin gelditu ginen", esan du Bengoak.

Taldea oso kontent agertu da urteurreneko ekitaldiak izandako harrerarekin, baina egindakoarekin asebete ordez, lanean jarraitzeko asmoa agertu du: "Harro gaide, bai, gure ahaleginek arrakasta izan dutelako eta lanean jarraitzeko suspergarria da hori. Nork daki zer egin ahalko dugun 35 urteak edo 40 urteak betetzen ditugunean! Ez dakigu, baina zalantzarik ez izan saiatuko garela, aurrera bultzatzen gaituen Eusko Indar hau sentitzen dugun artean".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia