euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideoko Euskarok logo berria aurkeztu du gogoan bere kide eta musikari Baldomero Anso, hil berria 95 urterekin

2025/04/07

Euskaro Euskal Etxearen logo berria
Euskaro Euskal Etxearen logo berria

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Hiriburu uruguaitarreko Euskaro Euskal Etxeak bere logo instituzional berria aurkeztu zuen ostegunean eta ekitaldi berean elkarteak oroitzapen eta gorazarre berezia eskaini nahi izan zion Baldomero Anso-ri. Orbara-n jaiotako aetza Baldomero Anso martxoaren 7an hil da 95 urte zituela eta bazkide prestu izatearekin batera, hamardakatan eta zendu arte elkarteko soinu-jotzaile emana izan da, hainbat eta hainbat hitzorduren animatzaile. Pertsona maitatua arras, harro zeraman EEko "bazkide adintsuena" titulua, eta logo berriari loturik, “berak proposatu zituen aldaketak egiteko ideia onenak”, adierazi digute Euskarotik.


Bere adinean aktibo, Baldomero Anso Euskaroko sinbolo maitatua zen Euskaron ez ezik, gizatalde osoan

Gernika gogoan

Lucia Goñi batzordekidearen azalpenez “logo berriaren diseinuak, zaharrak bezala, Gernikako Arbola du ardatz". "Gernikako Haritza sinbolo garrantzitsua da gure Elkartearentzat, gogoan dugulako egoitza zaharrean Gernikako Juntetxetik zetorren Haritzaren kimu gotorra zegoela”, esan dio EuskalKultura.eus-i. “Aldaketarekin berritu nahi izan dugu gure irudia. Zuzendaritza Batzordeko gazteenen ekimena izan zen, hasierako proiektua aurkeztu zuten eta gero denon artean saiatu gara diseinua zehazten”. Logo berria sareetan eta komunikazio material guztietan erabiliko da. “Estilo modernoxeagoa du baina aldi berean tradizioari erabat lotuta”.

Aurkezpenaren bideoa

Aberri Eguna

Ekitaldian zehar Euskarok eskaintzen dituen gainerako proposamenetako beste batzuk ere aipatu ziren ikasturte hasiera honetan. Euskara klaseak tarteko –asteartero, Laura Moreno irakaslearekin–, Mus Eskola eta bingo-askariak. Futbolzaleei ere ateak irekitzen segituko zaizkie, martxoaren 30ean egin berri izan den Athletic-Osasuna partidarekin, Athletic-eko Peñak galdeginik. Ikusi irudiak hemen.

Aberri Eguneko bazkarian parte hartzera ere deitu zuten, maiatzaren 4an, elkartearen egoitzan, Bacigalupi kaleko 2219an.

Euskaro sareetan, centro_euskaro



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia