Montevideo, Uruguai. Euskaro Euskal Etxearen aitzinaldea edertuko duen murala, euskal jatorria duen Rocio Matosas Etchebarne artistaren lanari zor zaio. Jatorriz Pablo Picassok 1937an pintatutako ‘Guernica’ koadroaren erreprodukzio berri honek originalaren antzeko tamaina du baina Reina Sofia Museoan dagoena ez bezala, hau koloreduna da. Izan ere, ikurrinaren koloreak sartu dizkio margolari paysandutarrak Espainiako Gerra Zibilaren garaian herri euskaldun hone kontra egindako sarraskia salatzen duen artelanari.
Murala bukatzeko 60 bat lanordu erabili behar izan ditu artistak eta datorren iganderako, azaroaren 11rako iragarri diote inaugurazioa Euskaro zentruko lagunek. Egun horretan bertan, elkarretaratzea, bazkaria eta Mus eta Kanasta txapelketa ere iragarri dute euskal etxekoek.
Datorren igandetik aurrera ‘Guernica’ koadroaren erreprodukzio koloreduna Bacigalupi eta Madrid kaleetako izkinean egongo da ikusgai, Euskaro Euskal Etxearen egoitzaren aitzinaldean, Uruguaiko hiriburuan.