euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideoko euskalgintzan, Aldaxka Kulturguneak 9 urte bete ditu Euskal Herriaren eta bere kulturaren alde lanean

2022/07/13

Aldaxkaren deia joan den apirilaren 27an Montevideoko Guernica Plazan Gernikako Bonbardaketaren 85. urteurreurrenaren karietara
Aldaxkaren deia joan den apirilaren 27an Montevideoko Guernica Plazan Gernikako Bonbardaketaren 85. urteurreurrenaren karietara

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Landare berri bat lortzearren landareari moztu eta kentzen zaion zatia da berez 'aldaxka'. Horretarako lurrean sartu edo uretan ipini behar da, sustraiak egin ditzan. Bederatzi urte (2013-2022) bete dira Uruguaiko Aldaxka Kultur Biltzarra sortu eta landatu zutenetik. Atzera so eginez, sustatu zutenek pozik begiratu eta osasuntsu ikusten dute egun dagoeneko landare errotua dena, harro, Rio de la Platan euskal kultura ikertu, garatu, hedatu eta biziaraztea helburu duen ekimenak aurrera egin baitu.

Burujabetza ipartzat harturik, bederatzi urte hauetan Aldaxkako lagunek denetarik egin dute: euskara irakatsi, euskal gastronomiaren aberastasuna hedatu, dantza landu, zinema eta artea zabaldu, mahai-inguruak antolatu, ikerketak bultzatu eta ikurrina Uruguaiko muinoetako tontorretan ere astindu izan dute. Euskal kultura bizi dute eta aberastasun horren partaide egin nahi dituzte euren ingurukoak.


Aldaxkako lagunek urtero oroitzen dute Gernikako Bonbardaketaren data


Aldaxkaren bideoa, Leonat Egiazabal euren ekitaldietako batean parte hartzeko deia eginez


Aldaxkaren 9. urteurreneko bilera informala, "behar bezala" ospatzea espero baitute

Honela, aurten mintegia hasi dute Montevideon Universidad de la Republicako Psicologia Fakultatean, "non euskara eta euskal kulturara hurbiltzea eskaintzen diogun datorkigun orori" azaldu dio Euskalkultura.eus-i kolektiboaren sortzaileetako bat den Leonat Egiazabal montevideoarrak. Eta parte hartzeko gonbitea luzatzen die interesatu guztiei, bestelako baldintzarik ez baitago: ez da zertan unibertsitateko ikasle izan behar eta saioak gainera musu-truk dira.

Aldaxkako lagunek bederatzi urte egin dituzte euskarak eta euskal kulturak baturik, baina ez dute oraindik ospatu eurak nahi bezala. Izan ere, pandemiak eragindako osasun egoerak eta murrizketak gogoan, festa handitarako aukera gutxi egon da. Baina urtean zehar, eta agendaren arabera, ospatzeko aukerak aurreikusten dituzte, kasurako, Askatasunaren Egunarekin bat edo Euskararen Egunarekin.

-Aldaxka Facebooken



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia