euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideoko Euskal Erria EEa anfitrioi Euskaditik heldutako MASS proiektua aurkezteko zintzur-bustitze eta harreran

2024/12/16

Hainbat zinemagile, ekoizle, banatzaile eta kultura eta erakundeetako ordezkari Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxean
Hainbat zinemagile, ekoizle, banatzaile eta kultura eta erakundeetako ordezkari Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Euskal zinemak momentu bikaina bizi du, profesionak ugari lanean eta sariak lortzen, eta gauza bera izenburuei, film luze zein laburrei, dagokienez. Aldi berean, euskal zinemarekiko interesa eta proiekzio kopurua ere gero eta handiagoa da eta leku gehiago hartzen du euskal etxe eta euskal elkarteen egitarauetan. Izan ere, zazpigarren artea jende erakargarri esanguratsua bihurtu da azken urte hauetan euskal etxeetan, bazkideen zein publiko orokorraren artean. Testuinguru horretan, azaroaren bukaeran Buenos Airesen eta abenduaren hasieran Montevideon egin den MASS proiektuaren aurkezpenak garrantzi handia dauka herrialde hauetako euskal gizataldearentzat. Baina zer da MASS?

MASS proiektua Donostia Zinemaldiak, Malagako Zinema-Jaialdiak eta Orca Films ekoiztetxe argentinarrak bultzatzen duten ekimen bat da. Proiektuaren baitan bi zinema ziklo egin berri dira Argentinako eta Uruguaiko hiriburuetan, honako sei film hauekin: Donostia Zinemaldian saritutako Soy Nevenka, Los destellos eta Mugaritz. Sin pan ni postre; eta Malagako zinema-jaialdian sarituak izan ziren Segundo premio, Nina eta La casa.

Ordezkaritza eta harrerak

José Luis Rebordinos eta Juan Antonio Vigar dira hurrenez hurren Donostia Zinemaldiko eta Málagako Zinema-Jaialdiko zuzendariak, eta aurek aurkeztu zuten MASS Hego Amerikako bi hiriburuetan. Beraiekin batera, proiektatu ziren pelikulen arduradunek osatu zuten ordezkaritza, tartean Iciar Bollain (Soy Nevenka), Pilar Palomero (Los destellos) eta Paco Plaza eta Andoni Luis Aduriz (Mugaritz. Sin pan ni postre), besteak beste.

Aipatzekoa da bi hirietan goi mailako agintariek egin zietela harrera MASSi eta proiektuaren protagonistei. Buenos Airesen, hiriko alkatea den Jorge Macrik eta Gabriela Ricardes Kultura Ministroak esan zituzten Zikloko inaugurazio hitzak San Martin Antzokian. Montevideon, berriz, ordezkaritza politikoa aurren-aurreneko mailakoa izan zen, Luis Lacalle Pou presidentea bera bildu baitzen zinema jaialdietako zuzendariekin.


Ezkerreko argazkian, Buenos Airesen, Gabriela Ricardes Kultur Ministroa, Juan Antonio Vigar Malagako Zinema Jaialdiko zuzendaria, Jorge Macri Buenos Airesko alkatea, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria eta Gabriel Hochbaum Orca Films-eko presidentea (argazkia TGSM); eskuinekoan, Montevideon, Juan Antonio Vigar eta José Luis Rebordinos, Yamandú Orsi Uruguaiko presidente hautatu berriarekin, MASS proiektuaren aurkezpenean (arg. Donostiako Zinemaldia)

Harrera Montevideon, Euskal Errian

Euskal kulturak euskal diasporarekin daukan harremana eta batez ere euskal etxeen funtzioa agerian geratu da saiootan. Montevideon, hiriko Euskal Erria Euskal Etxea izan zen bitartekari eta MASSeko arduradunen anfitrioi, Etxepare Euskal Institutua lankide. Alderdi gastronomikoan, Euskal Herriko Hika jatetxeko Roberto Ruiz sukaldariak koktel ‘euskal-andaluziarra’ prestatu zien jaialdian parte hartu zuten zinemagile, ekoizle, banatzaile eta oro har kultura eta erakundeetako ordezkariei.

“Guretzat ohore bat izan da harrera ekitaldi honi abegia ematea eta gure ahalen arabera erantzun genien egin zizkiguten eskakizun guztiei”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Paola Rossano Ampo Euskal Erria Euskal Etxeko lehendakariak. "Guretzat politena hainbeste jende eta mugimendu ikustea eta gure etxea hain bizirik ikustea, asko poztu gintuen elkarren arteko lankidetza hau egin ahal izanak. Horri ematen diogu balio handiena”, onartu zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia