Montevideo, Uruguai. Montevideoko Euskaro Euskal Etxeak, FIVU Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioarekin batera, zenbait jarduera programatu ditu aste honetan Juan Sebastian Elkanok munduari egindako lehen biraren oroigarri. Ekintzotara presentzia baieztatu dute Eusko Jaurlaritzako eta euskal alderdi politiko batzuetako ordezkariek, hala nola Sara Pagola Euskadiren ordezkariak Argentina-Mercosurrerako; Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk; Mariana Satostegui Ordezkaritzako Harreman Instituzionaletarako arduradunak; baita Jasone Agirre euskolegebiltzarkide eta EH Bilduko Diasporarako idazkariak ere; eta Andoni Ortuzar EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak; Mikel Burzako Nazioarteko Harreman arlorako burukide arduradunak; Mikel Irazusta Argentina Buru Batzarreko presidenteak; eta musika arloan, Xabier Aburruzaga trikitilariak.
Datorren ostiralean, hilaren 16an, goizeko 11etan, Euskaro Euskal Etxearen egoitzan, Uruguaiko Postaren zigilu bat kaleratuko dute, Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren 500. urteurrena gogoratzeko. Horrekin batera zigilu-marka bat ere eskatu dute "Ni inguratzen lehena" euskarazko esaldiarekin, euskaraz, Karlos I.ak Elkanori eman zion armarrian zegoen bera. Ez da lehen aldia FIVUk historiako mugarri garrantzitsuak gogoratzen dituena posta-zigilu bat sortuz. Bitan bederen egina dute: 2011. urtean Euskaro Euskal Etxeak 100 urte bete zituela ospatzeko; eta 2020. urtean Iparragirre jaio zela 200 urte bete zirela gogoratzeko. Oraingo honetan ere Uruguaiko Postaren ezinbesteko lankidetza baliotsua izan dute.
Eta ostiralean bertan, arratsaldeko 6:30etan, Juan Pedro Arin FIVUko lehendakariak "Euskaldunak munduaren lehen itzulian" izeneko hitzaldia emango du. Solasaldiaren ondoren, ohorezko ardo bat eta luncha zerbitzatuko dituzte. Joan den astean.Diasporaren Eguneko ospakizunen baitan, irailaren 8an hitzaldi bat antolatu zuten, Hernán Sorhuet kazetari euskal-uruguaitarraren eskutik 'Euskal-uruguaitar identitatea' izenburupean. Horrez gain, uztailean San Fermin eta San Ignazio jaiak ospatu zituzten eta abuztuan, musarekin eta euskararekin jarraitzeaz gain, bingo bat ere antolatu zuten eta jende askok parte hartu zuen.